Ansotegi-Lana eta Gorka-Galarraga bikoteak Bergara Hiria pilota txapelketako irabazle

Julen Iriondo 2010ko mai. 25a, 15:57
Ansotegi eta Lana 22 urtez azpikoetan eta Gorka eta Galarraga nagusien mailan izan ziren irabazle. Udal pilotalekuan giro bikaina zela, atzo iluntzean jokatu ziren finalak. Bi bikote txapeldunak ondo nagusitu zitzaizkien aurkariei, 22 eta 18 eta 13 eta 22.

22 urtez azpikoak

Jauregi eta Aizpuru gipuzkoarrak izan zituzten aurkari Ansotegi eta Lana nafarrek Bergara Hiria txapelketako 22 urtez azpikoen finalean. Agudo hartu zuten aurrea markagailuan gorriek. Ansotegik amaitutako zenbait tantoren eta batez ere Aizpuruk egindako hutsen ondorioz 8 eta 3 aurreratu ziren. Gorrien zortzi tanto horietatik bost Azpeitiko atzelariak galdutakoak izan ziren, eta partidua amaitzerako dezente huts gehiago egin zituen. Nafarrek nahikotxo zigortu zuten, baina ohi eta behar baino pilota gehiago galdu zituen atzo Aizpuruk. Jauregi saiatu zen aukera izan zuenean tantoa aurrean amaitzen, eta berak egindakoekin 8 eta 6 hurbildu ziren urdinak.

Handik aurrera, baina, alde handia hartu zuten Ansotegik eta Lanak. Ansotegi izendatu zuten finaleko pilotari onena. Tanto ikusgarriak egin zituen, nahiz eta zenbaitetan behar ez zuen pilotetara ere sartu. Lanak berriz beharra fin egin zuen. 21 eta 14 jarri ziren aurretik, eta Jauregik markagailua itxuratzeko tanto batzuk egin zituen arren, Aizpuruk goiko koltxoira bidalitako pilota batekin amaitu zen partidua, 22 eta 18. Ansotegi eta Lana beraz txapeldun, Nafarroara joan zen Bergara Hiriko 22 urtez azpikoen txapela.

Nagusien maila

Nagusien mailan, bestalde, maila handiko partidua utzi zigun Bergara Hiriko finalak. Larrañaga eta Untoria eta Gorka eta Galarraga izan ziren aurrez aurre. Partiduak bi zati izan zituen, aurrenekoa oso borrokatua eta parekatua. Atzelariek lehia ederra izan zuten: biek eman zioten asko pilotari, eta aurrelariek tanto politak eta hutsak tartekatu zituzten. Hiruna, bosna, seina eta hamarna egon ziren berdinduta. 8 eta 7ko hauxe izan zen agian partiduko tantorik onena. Aurrera eta atzera ibili eta gero Untoriak ezin izan zuen azkenean pilota hori eraman.

Bera eta Larrañaga 11 eta 10 egon ziren aurretik, baina hortxe hasi zen urdinen nagusitasuna nabarmentzen. Gorka ordura arte baino gehiago hasi zen asmatzen, eta Galarraga nagusitu egin zitzaion Untoriari. 13 eta 22 amaitu zen partidua.

22:15ean, Goitbn

Bergara Hiriko finalak gaur gauean, martitzena, ikusi ahal izango dituzue oso-osorik Goiena Telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak