Aniztasun Eguneko ekitaldiak primeran txertatu dira herrian

Goiatz Arana Begiristain 2010ko urt. 25a, 10:41
Bukatu da Aniztasun Astea; zapatuan eman zioten amaiera Aniztasun Egunarekin. Askotariko ekintzak jasotzen zituen egitarauak egun horretarako, eta guztiak egin ziren bakarra izan ezik: Jon Maia egitekoa zen Riomundo liburuaren gaztelerazko bertsioaren aurkezpena bertan behera geratu zen. Afrikarrek bete zuten sortutako hutsunea, euren musikarekin.

Gaztetxean egindako perkusio eta txalaparta tailerrarekin  abiarazi zuten Aniztasun Eguna. Artatse elkartean zen hurrengo hitzordua: herri bazkaria. Eta horixe izan zen, hain justu, arrakasta handiena izan zuten ekintzetako bat: 70 bat pertsona batu ziren.

Ezohiko zaporeak

Egunak agintzen zuen moduan, berezia izan zen egun horretako bazkaria, noski: senegaldarrek arroza arrainarekin prestatu zuten eta pakistandarrek oilaskoa saltsa pikante batekin. Horixe izan zen menua eta gustura jan zuten bertan batutakoek. Baina bada beste arrazoi bat gehiago bazkari berezia izan zela esateko: bukaera aldera arte ez ziren eseri. Izan ere,  zutik egin zituzten mokadurik gehienak, elkar ezagutu, mugak apurtu eta harremanak sendotzeko helburuarekin.

Euskal eta afrikar doinuak

Nahasketa platerean, eta nahasketa musikan, arratsalde-iluntze partean trikitiak eta Afrikako perkusioek bat egin zutelako herriko kaleetan. Musikariek bikain uztartu zituzten etxeko eta atzerriko instrumentuak, eta bergararrek gozatu egin zuten emaitzarekin. Herriko plazatik abiatu ziren eta geldialdiak egin zituzten, besteak beste, Domingo Iralan eta Simon Arrietan; eta bergararrek dantzan egin zuten.

Senegal, Pakistan, Maroko, Txile edo Holandako jendeak parte hartu du, toki horietako eta gehiagotako jendea bizi delako herrian. Errealitate hori plazaratu nahi izan dute bultzatzaileek, kanpotik etorritako eta bertan jaiotakoen arteko harremanak sortzeko. Aurreikuspenak bete egin dira eta udal ordezkariak pozik daude oso emaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak