Bergarako sozialistak arduratuta daude asteburuetan erdiguneko kaleetan sortzen diren arazoekin. Zarata eta zikinkeria handia egoten dela diote. Udalak, gainera, ez omen die jaramonik egiten herritarrek ipinitako salaketei. “Onartezina da. Herritar batzuk ezin dute gauean lorik egin eta goizean zikinkeriaz beterik aurkitzen dute etxeko ataria", esan du Mari Carmen Barrenetxea sozialistak. "Pixa eta gorakoak aurkitzen dituzte etxeko atarian. Oraindik ere onartezinagoa da behin eta berriz udaletxean salaketak ipini eta inork kasurik ez egitea. Udalaren isiltasuna salatzekoa da”. Bergarako sozialistak gauetan brigada bereziak jartzeko eskaera egin dio Udalari. “Egoerari irtenbide bat emateko Udalari eskatzen diogu beharrezkoak diren neurriak hartzeko", adierazi du Barrenetxeak. "Gauetan udaltzain brigada bat ipini behar du, gehienbat asteburuetan”.
Alkatea harriduraz
Agurne Barruso alkateak harriduraz hartu ditu sozialistek egindako salaketak. Aurreratu du Udalak ez duela asteburuko brigada ipintzeko asmorik. "Iruditzen zaitu herritarren kezka justu kontrakoa dela, Bergaran giroa jaisten ari dela bai egunez bai gauez", esan du. "Alkatetzara iritsi ginenetik gai honekin lotuta hiru salaketa jaso ditugu udaletxean. Hortik esatea Bergara 'araurik gabeko hiria dela' ez zait ez proportzionala ez arrazionala iruditzen. Asteburuetan udaltzain brigada berezia jartzeko salaketa horiek baino zertxobait gehiago behar dela uste dut".