Aldapa eta eskailerak saihesteko lau igogailu jarri nahi dituzte Bolun

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko urt. 20a, 11:41
Bolu auzoan dauden irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko lau igogailu jartzeko asmoa du Udalak. Dagoeneko irisgarritasun azterketa eginda dago eta baita proiektua ere –Bergarako Zetabi Arkitektura Bulegoak egin ditu–. Lanon aurrekontua 1.166.006 eurokoa da eta Udalaren asmoa da Espainiako Gobernuak aurreikusitako krisiari aurre egiteko fondotik iritsiko den dirulaguntzarekin aurre egitea gastu horri.

Irisgarritasun azterketa

Zetabi Arkitektura Bulegoak egindako irisgarritasun azterketaren barruan, Bolu auzoko –Koldo Eleizalde, Bolu, Aranerreka eta Iraburu kaleak– atari bakoitzaren irisgarritasuna aztertu dute eta atariotara iristeko zailtasuna hiru mailatan banatu dute, bertara iristeko dagoen maldaren eta maila kopuruaren arabera: baxua (%8ko malda eta 10 maila, gehienez), ertaina (%10eko malda eta 30 maila, gehienez)  eta altua (%10eko malda eta 30 eskailera, gehienez).

Gaur egun Bolun daude 82 atari eta 601 etxebizitza eta atariotara iristeko zailtasuna kontuan hartuz gero, honela banatzen ditu azterketak: zailtasun baxua dute 31 atarik (222 etxebizitza); ertaina, 40 atarik (278 etxebizitza) eta altua, 18 atarik (101 etxebizitza).

Aurreikusten diren igogailu publikoak jarriz gero, nabarmen jaitsiko litzateke gora eta behera zailtasuna: baxua izango lukete 67 atarik, ertaina 20k eta altua bik baino ez.

Bizi kalitatea hobetu

Lau igogailu aurreikusten dira auzoan barrena eta igogailuok modu estrategikoan kokatuko lirateke, auzoko kaleak bata bestearekin lotuz. Izan ere, proiektuak garrantzi handia eman dio ahalik eta auzotar gehienen irisgarritasuna bermatzeari. Azken batean, proiektuaren helburua Boluko auzotarren bizi kalitatea hobetzea delako.
Bestalde, igogailuen aukerari egokiena iritzi diote batetik, auzotar kopuru handienari zerbitzu emateko aukera eskaintzen dutelako. Bestetik, oztopo arkitektonikoak kentzen ibili beharrik ere ez dagoelako, ibilbideak murrizteko.  

Igogailuak kokatzeko orduan  irizpide urbanistiko-paisajistikoak ere hartu dituzte kontuan. Hain justu, gaur egungo eustorma eta topografiarekin ahalik eta emaitzarik bateratuena lortu nahi izan dute. Bestetik, igogailuen alboan eskailera publikoak izateari ere garrantzia eman diote, oinezkoek hainbat ibilbide aukera izan ditzaten.

Lau igogailu

Lau igogailuak honako lekuetan aurreikusten ditu proiektuak: lehenengoa, Santa Ana parkean (A); bigarrena, errepide nagusitik Koldo Eleizalde kalera igotzeko eskaileraren alboan (B); hirugarrena, Koldo Eleizalde kalea eta Iraburu kaleen artean (C), eta laugarrena, pilotalekua eta Bolu kalearen goiko aldearen artean (D).

Boluko igogailuak, C Boluko igogailuak, B Boluko igogailuak, A eta Dt

Igogailuok eraikitzeko lanak aldi berean egiteko egon daitezkeen arazoak kontuan hartuta, lau fasetan eraikiko lirateke, zailtasun altuena duten etxeetatik hasita, hain justu: C igogailua, B igogailua, A igogailua eta D igogailua, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak