Akordioa adostu dute Udalak eta Aldundiak Mekolaldeko zubi berriari irteera egokia emateko

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko martxoaren 8a

Industria-gunea errepidearekin modu seguruan lotzeko bidegurutzea egingo dute zubi muturrean


Lankidetza hitzarmena adostu du Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuarekin. Lankidetza hitzarmen horren helburua da Mekolalde auzoan, Deba errekaren beste aldean garatzen ari den eremu industrialari behar bezalako sarrera-irteera ematea, eraiki berria den zubiaz baliatuz. Horretarako, zubiak eta  GI-627 errepideak bat egiten duten gunean, T itxurako bidegurutzea eraikiko dute –azelerazio eta dezelerazio errailez baliatuz–, zubira sartu edo zubitik irten nahi duten erabiltzaileen segurtasuna bermatuz. Hain justu ere, zubia eraikita dagoen arren –araztegiarekin batera eraiki zuen Eusko Jaurlaritzak harendako sarrera-irteera moduan– gaur egun ez da erabiltzen, GI-627 errepiderako irteera egokirik ez duelako.

Lankidetza hitzarmena

Aldundiarekin sinatuko den lankidetza hitzarmen hori udalbatzak aho batez onartu zuen otsaileko ohiko osoko bilkuran eta jasotzen duenez, Foru Aldundia arduratuko da bidegurutzea egiteko egin beharreko lur desjabetzeez. Udalari dagokionez, proiektua eta obra kudeatuko ditu, baina eremu hartako lur-jabeek finantzatuko dute lana, hau da, han dauden enpresek eta hainbat partikularrek, bakoitzak duen aprobetxamenduaren arabera.
Gaur egun Danobat eta Tornilleria Deba enpresak daude eremu hartan eta baita araztegia ere. Baina horiez gain, oso gertu dagoen Lazpiur enpresak ere zubi hori erabil lezakeela ere aurreratu dute Udal  iturriek. Bestalde, gehitu dute Antzuolako Balzers-Elay lantegia ere gune hartara joatekoa dela eta uda aurretik hasi nahi dutela lekualdatzea.
Udalak, bere aldetik, bidegurutzea egokitzeko lanak udazkenean hasi nahi ditu, eta bukatuta izan nahiko lituzkete urte amaierarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak