Aitzol Ena eta Maite Lazkano faboritoak domekan Seguran

Edu Mendibil 2009ko urr. 9a, 13:23
Bergarako bi bikote lehiatuko dira domekan Euskal Herriko 33. Dantza Txapelketan. Aitzol Enak eta Maite Lazkanok osatutako bikotea batetik eta Aritz Arrillaga-Amaia Bolinaga bikotea bestetik. Maite Lazkano eta Aitzol Ena, gainera, txapela eskuratzeko faboritoen artean ditugu.

Maite Lazkanok eta Aitzol Enak zazpi txapelketa irabazi dituzte aurtengo denboraldian: Estibalizen, Hondarribian, Oreretan, Laudion, Zarautzen, Donostian eta, etxean, Bergaran hain zuzen. Hala ere, azken asteotan arazoak izan dituzte biek eta Maiteren arabera, ez daude sasoirik onenean. Edozein modutan, domekan euren onena ematea espero dute. Maite Lazkanok behin irabazita dauka Segurako txapelketa, 2001ean, Aitzolen anaiarekin, Asierrekin. Beste lau aldiz txapeldunorde izan zen Asier Enarekin eta 2000. urtean, lehiatu zen lehen urtean, hirugarrena izan zen.

Ohikoa denez, Euskal Herriko Dantza Txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko da, 18:00etan hasita. Orain arte San Joan jaien bueltan jokatu izan den txapelketa, udazkenean jokatuko da lehendabiziko aldiz. Udan jokatutako txapelketetan emaitza onenak lortu dituzten hamabi bikote onenak batuko dira Seguran. Sestaoko eta Gasteizko bina bikote kenduta, gainerako zortziak gipuzkoarrak ditugu. Iazko txapeldunak, Nerea Vesga eta Eneko Gil, ez dira Seguran izango.

Neska-bikote bat

Data aldaketarena, baina, ez da aurtengo nobedade bakarra izango: aurreneko aldiz neska bikote batek hartuko du parte, Azaitz Unanuek eta Aizkoa Medinabeitiak osatutakoa hain zuzen. Arabako txapelketan ere lehiatu ziren eta Euskal Dantzarien Biltzarrak ez du inolako eragozpenik jarri: "Bagenekien noizbait etorriko zela berritasun hori. Plazan ere ikusten dira sexu bereko bikote asko dantzan, emakumeak nagusiki. Eta ez dugu uste albiste handia izan behar duenik", esan zuen Xabier Mendizabalek, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidenteak. EDBko Jose Antonio Atxukarrok gaineratu zuenez, 50eko eta 60ko hamarkadetan izaten ziren neska-bikoteak txapelketetan.

Euskal Telebistan ikusi ahal izango da txapelketa igandean bertan, gauez baina, 23:00etan ETB-1ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak