Aitor Eraña eta Marisol Ramosek lan ona egin dute Europako Txapelketan

Jasone Zabala 2008ko abuztuaren 31

Aitor Eraña bergararra Esloveniako Europako Beteranoen Atletismo Txapelketan parte hartu du abuztu hasieran. Marisol Ramos oñatiarrak ere, Europako Beteranoen Atletismo Txapelketan, 5.000 metroko proban parte hartu zuen,

Bergarako korrikalari beteranoak, Ljubjanako maratoia korritu zuen 3an ospatu zen proban. 40 urterekin piztu zitzaion maratoietarako grina eta ordutik 17 egin ditu. Bere asmoa lasterketa 3 ordutan bukatzea bazen ere, ez da posible izan baina lasai eta pozik dago egindako lanarekin, izan ere, egoera ez zen berak esperotakoa izan-eta. Izan ere, Esloveniako bero eta hezetasun itzelak, proba uste baino denbora gehiagoan egitea ekarri zuen. Hala, 3 ordu eta 4 minututan maratoia bukatzea helburutzat bazuen ere, azkenean 3 ordu eta 41 minutu behar izan zituen helmugara heltzeko. Hala ere Erañak aitortu digun bezala, "halako probek eta esperientziek bizitzan asko irakasten dute".
Esandako moduan, amaitu zuen maratoia Erañak, 3 ordu eta 41 minututan. Marka hori hobetu dezakeela badaki, eta dagoeneko hasi da azaroan egingo den Donostiako maratoia prestatzen. Debagoienean, oso toki egokiak ditugu haren esanetan entrenatzeko eta Donostiako proba iritsi arte, hemen ibiliko da entrenatzen, probaren egunean duen onena eman ahal izateko. Erañaren errekorra 2 ordu eta 41 minututan dago.

 

Ramosen lana ere bikaina

Marisol Ramos oñatiarrak ere, Europako Beteranoen Atletismo Txapelketan, 5.000 metroko proban parte hartu zuen, uztailaren 30ean, eta egindako lanarekin gustura gelditu da. Proba laugarren postuan amaitu zuen, berak espero baino hobeto: "Partehartzaileen maila kontutan hartuta, pozik nago lortutakoarekin", adierazi digu Ramosek.

Eloveniarainoko bidea

Europako txapelketa horretan parte hartu aurretik, Gipuzkoako hainbat kros lasterketetan ibili zen eta gustura gelditu zen egindako lanarekin. Horregatik erabaki zuen Espainiako txapelketara joatea. Horrela, bertan lortutako emaitzak oso positiboak izan ziren –10.000 metrotako proban lehenengoa gelditu zen eta  5.000 metrotan, hirugarren –eta Europako Txapelketara joatea erabaki zuen. Partehartze soilarekin nahikoa izan zuen Ramosek. "Nire helburua ez zen marka egitea, aurrez esan dudan bezala, ni baino maila hobeagoa duten atletak bertan zeudelako, baina gorputzaldi onean nago eta honaino heltzeko egin dudan bidea eta lana handia izan da".  Markei dagokionez esan, Ramosena 5.000 metrotan 18:23koa dela, eta Eslovenian 19:11 egin zuen. Marisol Ramosek adierazi duen moduan: "Kontutan hartu behar da arratsaldez izan zela proba eta bero asko egin zuela". Esperientzia nolako izan den galdetu diogunean, "oso ona" izan da bere erantzuna, "inoiz ez nuelako usteko Esloveniaraino joango nintzenik Europako proba batean parte hartzera. Europako proba batean parte hartzen dudan lehen aldia baita". Gainera, aurten federatu da beteranoen mailan parte hartzeko, eta Ramosek adierazi digun bezala "ez nuen uste hain urrun helduko nintzenik". Lortutako emaitzak onak izan dira, baina ez dauka hurrengo proba bat egitea helburu; hala eta guztiz ere, entrenatzen jarraituko duela adierazi digu, seguru aski gainera gogokoen duen horretan hobetzen jarraitzeko, krosean, alegia. Hemendik aurrera dituen erronkak zeintzuk diren galdetuta, zera erantzun digu "pasa den urtekoa errepikatzen saiatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak