"Aita kartzelatik irteten ikustea oso polita izan da"

Goiatz Arana Begiristain 2010ko urr. 18a, 11:07
Jose Luis Elkororen senideek diote herriaren indarrari esker dagoela hura etxean. Bestalde, ezarri dizkioten baldintza gogorrak ez dituzte muga moduan bizi oraingoz. Izan ere, orkatilako bat jarri diote eta, horren bitartez, kontrolpean dute, une oro Elkoro. Baldintza gogorrak dira: 08:00etatik 13:00etara bakarrik atera daiteke kalera, Bergaratik ezin da irten, astero joan behar da Martutenera sinatzera eta ezin du ez adierazpenik egin ez publikoki inon agertu.

"Ia sinistu ere ezin dugu egin aita etxean dagoenik, badirudi laino batean gaudela". Hitz horiekin azaldu zituzten Paulo eta Kristina Elkoro anai-arrebek aitarekin etxean emandako lehen orduak, barikuan GOITBn egindako elkarrizketan.

Jose Luis bera ere egoera berri honetara ohitzen ari da oraindik: "Zortzi-hamar metro koadroko ziega batean egotetik etxean jendez inguratuta egotera alde handia dago. Nekatu ere egiten da azkenerako, baina emozio handiz bizi ditu uneok eta oso pozik dago", dio Paulok. "Aldaketa handia da eta denbora beharko du, baina lasai dago, jendearekin egoteko gogoz eta bizitzeko ilusio handiz", gehitu nahi izan du Kristinak. 76 urte betetzeko bidean, bere osasun egoera delikatua da, baina gertukoek kontatu digutenez ,"ondo dago fisikoki eta psikologikoki". 

Aitaren deia

Jose Luis Elkorok berak deitu zuen etxera eguazten eguerdian, esateko egun horretan bertan edo, asko jota, hurrengoan, aske utziko zutela; baina horren berri inori ez emateko ere eskatu zien etxekoei, hala egin ezean arriskuan egon zitekeela ohartarazi ziotelako, serioski.

Luzeak egin zitzaizkien ondorengo orduak, eguen eguerdiko 13:45 inguruan Jose Luis kartzelatik ateratzen ikusi zuten arte. "Oso berezia izan zen aita kartzelatik nola ateratzen zen ikustea, oso polita", azaldu digu Kristinak. Paulok kontatu digu atxilotu zutenean guardia zibilek esan ziotela "ez dakit zertarako daramazun maleta", esanez bezala laster aterako zela atzera ere, "baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den", gehitu du.  

Azken bisean bisa

Elkorotarrak bat datoz jendearen partetik "sekulako laguntza eta babesa" jaso dutela esaterako orduan, eta diote aitak ere sumatu duela "berotasun" hori. "Aitak den dena jakin nahi izan du une oro. Azken bisean bisekoan, esaterako, bere aldeko kirol martxaren berri ematen pasa genituen bi orduak", kontatu digu Kristinak.

Antolatutako ekintzek alderdi, kolore eta pentsamolde ezberdinetako jendea batu dutela ikustea oso garrantzitsua izan da  berarentzat, Kristinak kontatu digunez. "Espero dugu aita bakean uztea betiko. Herriaren konpromisoak ekarri du etxera". 

Aralar pozik azaldu da aske utzi dutelako, baina ezarri dizkioten baldintzak salatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak