Aintzane Ezenarro: "Abertzaleon elkarlanaz lortu behar dugu egungo Jaurlaritzarena horixe izatea, episodio soila"

Julen Iriondo 2010eko martxoaren 3a

ETAren indarkeria tinko baztertuta, indar abertzaleetan inor albora utzi gabe, berriz ere legebiltzarrean gehiengoa lortzeko, erabakitzeko eskubidearen aldekoen elkarlana aldarrikatu du Aralarrek Bergaran egindako hitzaldian. Aintzane Ezenarro eta Mikel Basabe legebiltzarkideek alderdiak azken kongresuan erabakitakoen berri eman diete alderdikide eta herritarrei.

Aintzane Ezenarrok dio filosofia aldaketa dagoela euren planteamenduetan: “Erabakiak hartzen diren lekuetan egon egin behar dugu, ezkerrekoa eta abertzalea delako herri honi egin diezaiokegun eskaintza onena. Erabakiguneetan egon egin behar dugu, ez bakarrik oposizioan, ez bakarrik kontra egin”. Aralarrek nahi du ezker abertzale politikoa izatea gobernu alternatiba goi mailako erakundeetan, ez dadila EAJ izan abertzaleen aukera bakarra. Ezkerrekoen elkarlanerako baldintzak argi utzi ditu, dena den, beste behin: ETAren kontra tinko eta zalantza barik agertzea, eta Batasunaren gainean esan du espero duela hausnarketa prozesua azken muturreraino eramatea: “Inportantea da, ez bakarrik esatea zeren alde zauden, baizik eta baita ere esatea zeren kontra zauden”. ETAren indarkeria elkarlanerako “benetako oztopoa” dela esan du Ezenarrok.

 

Baina ezkerreko abertzaleena baino elkarlan zabalagoa aldarrikatzen du Aralarrek, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan erabakitzeko eskubidea jasoko duen estatutu berri bat adosteko: “Abertzale izateko modu asko daude, eta gutxienekoetan bat egin behar dugu, bestela ez dugu gehiengorik. Elkarlanarekin lortu behar dugu egungo gobernuarena horixe izatea, episodio soila, eta hiru urte barru soziologikoki hemen gehiengoa garen abertzaleok legebiltzarrean ere hala izatea”, dio Ezenarrok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak