AHT: ekitaldi ugari asteon proiektuaz informatzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko mar. 11a, 10:26
Bergarako AHTren kontrako taldeak "AHTren gainean informatzeko eta proiektuaren bultzatzaileek darabilten ezkutukeria salatzeko" ekitaldi sorta antolatu du eguaztenean hasi eta domekara bitartean, taldeko kideek azaldu duten moduan. Salgai ez dauden lurrak ezin dira erosi lelopean antolatu dituzte ekitaldiok eta leloa aukeratzean "desjabetzeak eta horiek gauzatzeko erabiltzen den bortizkeria" izan dituzte kontuan, batik bat.

Taldeko kideen esanetan, proiektuaren gainean dagoen informazio falta handia da eta "informazioa ezkutatzen" dihardutela azpimarratu dute. Horren adibide da, esaterako, "azpiegitura horrek Bergaran izango duen trazatuaren gaineko informazio hutsala".

Ekitaldi ugari

Bergarako AHTren kontrako taldeak antolatutako ekitaldiak hasiko dira eguaztenean, hilaren 12an, Itoitzeko solidarioek egingo duten Hitzetik ekintzetara delako hitzaldiarekin. 18:00etan izango da, gaztetxean. Egubakoitzean, berriz, hilak 14, kontzertua izango da 22:00etan, gaztetxean, Bartzelonako bi talderen eskutik: Afganistan ye-yes eta Habitacion 101. Sarrerak 3 euro balioko ditu eta jasoko duten dirua izango da Bergarako AHTren kontrako taldearen ekimenak finantzatzen laguntzeko.

Zapatuan, hilaren 15a, informazio mahaia jarriko dute kalean, Erramu Zapatuko Feria dela aprobetxatuta. "Erramu Zapatuak duen baserri giroa kontuan izanda, AHTk nekazaritzan izango duen eraginaren berri emateko aukera ona ikusi dugu. Hala, informazio panelak jarriko ditugu azpiegitura horrek Euskal Herrian duen eraginaz informatzeko. Azpiegituraren bultzatzaileek oso informazio gutxi eman dute gaiaren gainean, eta gure asmoa da, dagoen informazio apurra herritarren mesedetara jartzea, gaia sozializatzea, azken batean, eta horrekin batera, guztion arazoa dela jabearaztea", azaldu dute taldeko kideek. Eta gehitu dute: "Trazatuak hartzen dituen gureko hainbat lurretan mugimendua sumatzen hasi gara; Bizkaian eta Araban hasi dira lanak, dagoeneko, eta Gipuzkoan ere gainean ditugu", azpimarratu dute Bergarako AHTren kontrako kideek.

Erramu Zapaturako ekitaldi gehiago ere antolatu ditu Bergarako AHTren kontrako taldeak; hain justu, 12:00etan, hileta elizkizun batekin lotura izango duen parodia egingo dute herrian barrena eta 14:30ean, berriz, baba-jan begetarianoa izango da, gaztetxean. 5 euro balio du izenemateak  eta 30 bat lagunendako lekua izango da. Iaz ere halako bazkaria egin zuten eta izandako arrakasta ikusita aurten ere egitea erabaki dute.

Azkenik, domekan, hilak 16, zine emanaldia egongo da 18:00etan, gaztetxean. Mad Max filma emango dute aurrerapen bortitz eta neurrigabeak ekar dezakeen galera izugarria irudikatzeko asmoz.

Mahai ingurua

Udalak ere AHTren gaineko ekitaldi bat antolatu du aste honetarako. Hain justu, eguenean, hilak 13, mahai ingurua egongo da 19:00etan, osoko bilkuren aretoan. Mahai inguru horretan azpiegituraren aldeko eta kontrako jarrerak entzuteko aukera egongo da. Aldeko jarrera Herrilan eta Garraio Saileko eta EHUko ordezkari banak emango dute. Kontrakoa, berriz, AHT Gelditu! Elkarlana taldeko bi kidek emango dute.

Egunez eguneko ekitaldiak

12, eguaztena
18:00 Hitzetik ekintzetara hitzaldia, Itoitzeko solidarioen eskutik, gaztetxean. 

13, eguena
19:00 AHTren gaineko mahai ingurua, osoko bilkuren aretoan.

14, egubakoitza
22:00 Afganistan ye-yes eta Habitacion 101 taldeen kontzertua, gaztetxean.

15, zapatua
Goizean barrena, informazio mahaia jarriko dute.
12:00 Parodia, herriko kaleetan.
14:30 Baba-jan begetarianoa, gaztetxean.

16, domeka
18:00 Film emanaldia, gaztetxean: Mad Max filma.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak