Ahozko ondarea eta herri hizkerak Internet bidez ikusteko aukera

Jasone Zabala 2008ko ekainaren 27a

Asko dira azken urteetan Bergarako euskara –eta, euskararekin batera, leku-izenak, langintza zaharrak, historia hurbila, etnografia eta bestelako jakintza eta bizipenak– jaso eta lantzeko egin diren lanak. Lan horiek egiteko 140 herritar ingururi egin zitzaizkien grabazioak denbora luzean zehar. Orain, Bergarako Udalak, Badihardugu elkartearekin lankidetzan, azken 25 urteetako herriko euskara jasotzeko egindako grabazio horien zatiak Internet bidez kontsultatzeko moduan jarri ditu –Bergarako Ahotsak–, interesa duten guztiek erabil ditzaten. Mende eta laurdeneko historia, protagonisten berbetan jasota.

Bildumako proiektu nagusiak

Ondorengoak dira bilduma horretan batzen diren: Bergarako Euskara liburua egiteko grabazioak; Euskal Herriko Hizkuntz Atlas-erako (EHHA) eta Bergara aldeko hiztegia-rako egindako grabazioak; Bergarako toponimia jasotzeko grabazioak; Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak liburu bilduma egitekoak; Debarroko Ahotsak grabazio-bilduma; Udalaren enkarguz Badiharduguk egindako grabazioak eta beste grabazio solte batzuk. Bergarako bilduma horrek ondorengo ezaugarriak ditu: elkarrizketatutako herritarrak 140 inguru izan dira; grabatutako 125 ordu inguru; 25 elkarrizketatzaile; kodifikatutako 1.783 pasarte; transkribatuak 525 izan dira; audiodun pasarteak, 539; eta bideodun pasarteak, 203. Grabazio zaharrena 1983koa da, eta hiztunik zaharrenak, 1888an jaioak.

'Euskal herriko ahotsak'

Bergarako Ahotsak proiektua Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren parte da. Proiektu horren helburu nagusia da Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Une honetan, 65 herritako 1.005 hizlariren grabazioak daude fondoan, eta Bergara da fondo handiena duten herrietako bat. Hauek dira proiektu honen ezaugarri azpimarragarrienak: Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu; publikoa eta doakoa da; proiektu irekia da eta interesa duen orok har dezake parte; hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu; metodologia sistematiko eta zehatza jarraitzen da; eta informazioa herrika eta gaika antolatuta dago. Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak, zaleak, senideak, historialariak, filosofoak, antropologoak... Ibarrean, orain arte, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Antzuolan egin da proiektu horren aurkezpena.

Metodologia eta urratsak

Proiektuaren lehenengo urratsa da Euskal Herriko herri ezberdinetan dauden zintak berreskuratzea. Horretarako, ahozko ondarea biltzeko lanetan jardun duten bitartekoekin harremanetan jarri dira: Udalak, euskara elkarteak, ikastetxeak, ikerlariak... Kasu askotan, grabazioak zinta analogikoetan egon ohi dira, eta premia-premiazkoa da lehenbailehen kopiatzea eta euskarri digitalera pasatzea. Audioa bakarrik duten grabazioak CDetan gordetzen dira; bideoen kasuan, DVDetan. Kopiak egin ondoren, originalak jabeari itzultzen zaizkio; kasurik gehienetan, gainera, soinua garbitu egiten da egoki entzun dadin esandakoa. Grabazio zaharrez gain, une honetan ere grabazioak egiten ari dira han eta hemen pertsona ezberdinei. Ondoren, elkarrizketa bakoitzaren inguruko informazio guztia datu-basean sartzen da. Horretarako, zinta guztiak katalogatu eta etiketatu egiten dira; lekukoen datuak jaso dira (jaioteguna, biografia laburra, argazkia...); elkarrizketatzailearen datuak; elkarrizketaren datuak ere gorde dira (elkarrizketa noiz, non, nola, zergatik... egin den); eta proiektuaren informazioa ere datu-basean sartzen da. Grabazioak luzeak dira –gehienak, ordubete ingurukoak– eta bakoitza minutuz minutu laburtzen da, horrela, 2-4 minutuko pasarteak sortuz. Proiektu horretan orain arte bildu duten materiala lau multzo nagusitan bana daiteke: Badihardugu elkarteak denbora luzean sortutako materiala, Euskal Herriko Udal ezberdinekin egindako hitzarmenak, hainbat elkarterekin egindako lankidetza hitzarmenak eta hainbat ikerlariekin egindako harremanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak