Agortu dira Bertsolari Txapelketako finalaurrekorako Interneteko sarrerak

Usoa Agirre 2009ko azaroaren 3a

Datorren zapatuan Labegaraietako kiroldegian egingo den saiorako Internet bidez salgai zeuden sarrera guztiak saldu dira jada. Hala ere, egunean bertan 250 sarrera jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera, Labegaraieta kiroldegiko leihatilan.

Zapatuan, azaroak 7

Hurrengo zapatuan, azaroaren 7an, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa jokatuko da Bergaran. Udal Pilotalekuan egitekoa zen, baina ikusle gehiago jasotze aldera, Labegaraietako kiroldegian jardungo dute bertsolariek, 17:30ean. Aurretik finalerdietarako sailkatutako Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbiorekin batera, honako hauek lehiatuko dira: Beñat Gaztelumendi (669 puntu) eta Etxahun Lekue, Uztaritz eta Leitzako final-laurdenetako irabazleak, hurrenez hurren; eta puntuazioari esker sailkatu diren Fredi Paia (649) eta Jon Martin (639). Alaitz Rekondo izango da gai-jartzailea.

Ikusle gehiago kiroldegian

Bertsozale elkartetik zera adierazi dute Bergarako finalaurrekoaren toki aldaketa dela-eta: "Udal Pilotalekuak baino jende gehiago jasotzeko aukera ematen du Labegaraietako kiroldegiak, eta hori izan da arrazoia. Ikusita final-laurdenetako saioak batez beste 800 ikuslek jarraitu dituztela, pilotalekua txiki geratzen zitzaigula ikusi genuen, gehienez 1.000 lagun inguru sartzeko aukera zuelako. Labegaraietan lagun gehiagorentzako lekua izango da". Kantxa eta harmailak erabilita, 1.500 bat lagun sartuko dira kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak