Agorrosingo tasen gaineko informazio kanpaina egingo dute abenduan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko abenduaren 1a

Udal Kirol Zerbitzuak informazio kanpaina abiaraziko du abenduan eta hilabete osoa iraungo du. Erabiltzaileei 2010. urterako kirol tasen gaineko informazioa ematea da kanpainaren helburua. Unai Asurmedi Kirol teknikariak halaxe azaldu du kanpainaren beharra: "Zalantza eta duda asko dago datorren urteko Kirol Zerbitzuko tasen gainean; bada, hori argitzeko egingo dugu kanpaina".

Kanpainari dagokionez, hiru modutan gauzatuko da: batetik, informazio kartelak jarriko dituzte kirol eremuetan; bestetik, Agorrosin Ekintza Guneko sarreran dauden tornuetan esku-orriak jarriko dituzte; hirugarrenik, ikastaroetan diharduten erabiltzaileei ere emango diete informazioa begiraleek. 

Aldaketa nabarmenak 

Kirol Zerbitzutik azaldu dutenez, "datorren urteko aldaketa nagusia da Kirol Zerbitzuko tasak   ezartzeko orduan aintzat hartu dela herrian erroldatuta egotea". Hori horrela, Bergaran erroldatuta ez dagoenak %50 gehiago ordainduko du abonua; erroldatutakoak, berriz, 2009an bezala ordainduko du.

Hori azaltzeko, adibide bat erabili du Unai Asurmendik: "2009an abonu osoa zuenak 18 euro ordaintzen zituen, eta aretoko txirrindan izena emanda zuenak, 15 euro. Bada, 2010ean, tasa horiek erroldatu eta ez erroldatuen artean desberdinduko dira. Hala, erroldatuta dagoenak berdin ordainduko du eta erroldatu gabe dagoenak, berriz, %50 gehiago. Hau da, abonu osoagatik ordainduko ditu 27 euro eta areto txirringa ikastaroagatik, 22,5.  

Erabiltzaileendako inkestak

Iaz hasitako ildotik, eta abenduaren 23ra arte, ikastaroen gaineko inkestak egingo dituzte Agorrosinen –Ekintza Gunearen zein hango eskaintzaren gaineko gogobetetasun inkesta sorta egiten hasi ziren iaz–.

Eskuorriak ekintza guneko harreran eska daitezke eta Agorrosindik dei egiten diete erabiltzaileei inkesta-orriok betetzera animatzeko. Emaitzak urtarrilean emango dituzte aditzera.

Angiozarko pilotalekua

Jardunek jolasleku ibiltaria egingo du abenduaren 12an Angiozarko pilotalekuan, 17:00-19:00 ordutegian. Hori horrela, ordutegi horretan erabiltzaileek pilotalekua ezingo dutela erabili jakinarazi dute Kirol Zerbitzutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak