Agorrosingo Kirol Eremuak denboraldi berriari ekingo dio gaur

Edu Mendibil 2007ko irailaren 17a

Garbiketa eta konponketa lanak egin ostean, Agorrosingo Kirol Eremua zabaldu zuten zapatuan. Udako denboraldia amaituta, neguko ohiko ordutegiarekin funtzionatuko du aurrerantzean: aste barruan 07:00etatik 22:00etara, eta zapatu eta domeketan, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara izango da zabalik Agorrosin.

Bainuetxean oraindik ere hainbat konponketa egin behar dituzte, eta, Unai Asurmendi kirol teknikariaren arabera, baliteke eguenerako (hilaren 20rako) zabaltzea.

Lehen urteurrena

Atzo, domeka, urtebete bete zen Agorrosingo Kirol Eremua zabaldu zela. Unai Asurmendiren hitzetan, "balantzea positiboa da, sarri etortzen diren erabiltzaileak ditugulako. Horrek ere pertsonal baliabideen birplanteaketa egitera bultzatu gaitu, zenbaitetan estu samar ibiltzen garelako dagoen eskaerari erantzun egokia emateko orduan". Honekin lotuta, erabiltzaileen artean inkesta egingo dute datozen bi asteotan: "Instalazioen eta zerbitzuen gainean erabiltzaileek daukaten iritzia jakin nahi dugu", dio Asurmendik. Bazkide kopuruari dagokionez, abuztuan beherakada izan du Agorrosinek: "Uztailean 3.200 bazkide geneuzkan eta, hileroko kuota denez, abuztuan 2.800era jaitsi da. Orain, uda aurreko kopuruetara itzultzea espero dugu".

Kirol jarduerak, gaurtik

Bestalde, gaur, astelehena, kirol jarduerak abian jarriko dituzte Agorrosinen: areto-txirrina, aerodance-a, tonifikazioa, aquaerobic-a, pilates, mantentze gimnasia, 3. adineko gimnasia eta yoga. 1.200 lagun inguru ari dira aipatutako ikastaroetan.

Urrian nobedadeak izango dira: capoeira, gimnasia terapeutikoa eta erreleboka ari direnei zuzendutako areto-txirrina. Era berean, helduen eta umeen igeriketa eskolak urriaren 1ean hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak