Uda partean, kanpoko igerilekuak zabaldu direnez, gehiago erabiltzen da Bergarako kiroldegia; horregatik igo da berriz ere energiaren kontsumoa.
Guztira, ekainean 223.994 kWh kontsumitu dira edo, beste era batera esanda, 19, 25 tona petrolio kontsumitu dira Agorrosinen.
Energia kontsumitzen denean, nahi eta nahi ez, CO2 gasak igortzen dira atmosferara. CO2 gasek berotegi-efektua eragiten dute, eta horrek planeta berotzea eta aldaketa klimatikoa areagotzen ditu. Zehazki, ekainean 40,4 tona CO2 isuri dira atmosferara Agorrosinen.
Bestalde, guztira 2.831.000 litro ur kontsumitu dira instalazio guztiak kontuan hartuta. Eta zehazki, aurreko astean erabiltzaile bakoitzak 53,3 litro ur kontsumitu zituen dutxa bakoitzeko. Hain zuzen ere, dutxetakoa da erabiltzaileek kontrolatu dezaketen kontsumo-mota.
Kanpaina honetan alde batetik, hilero informazio paneletan jarriko dute zenbat energia kontsumitzen den, hau da, ura berotzeko erabiltzen den gasaren eta argitarako eta makinetarako behar den argindarraren datuak. Energia kontsumo horrek dakarren inpaktua ere adieraziko dute CO2 gas kopurua emanda.
Bestalde, Udal instalazioetan ur kontsumoa nola banatzen den ere adieraziko dute, horrela ikusi ahal izango da zein alderditan kontsumitzen den ur gehien. Igerilekuak dira ur kontsumo handiena duten guneak (%69), baina, Udalak deia egin nahi die kirolari guztiei ur kontsumoko zifrak murrizteko.