Agorrosin erabiltzearren gehiago ordainduko dute beste herrietakoek

Leire Kortabarria 2010eko martxoaren 3a

Martxoaren 1ean jarri ziren indarrean tarifa berriak Bergarako kirol instalazioetan, Bergaran erroldatuta ez dauden erabiltzaileendako. Batetik, txartel mankomunatua dutenek igoera nabarmena igarriko dute: aurrerantzean, Plus izeneko tarifa ordaindu beharko dute Bergarako instalazioak erabiltzen badituzte.

Plus abonuak honako tarifak ditu:

  • norbanakoarendako, 190,03 euro
  • familia-abonua, 293,86
  • murriztua (langabeendako, erretiratuendako eta ikasleendako), 112,30

Igoera nabarmena da txartel mankomunatuaren tarifa arruntarekiko:

  • norbanakoaren txartela 142,55 euro da
  • familia-abonua, 198,70
  • murriztua, 99,30

Orain arte, Arrasateko kiroldegian izan ezik, beste guztietan –Oñatin, Eskoriatzan, Bergaran eta Aretxabaletan– sar zitekeen txartel arruntarekin; Arrasateko kiroldegia erabili nahi zuenak aukeratu behar zuen urte hasieran erabilera lehorra –kantxak– edo bustia –igerilekuak– nahi zuen; biak nahi bazituen, Plus tarifa ordaindu behar zuen. Hori egin zitekeen Arrasateko kiroldegiak sarrera fisiko bat duelako instalazio mota bakoitzerako. Bergarak eta Oñatik sarrera fisiko bakarra dute bi instalazio motetarako. Oñatik tarifa arruntarekin jarraitzen du, baina Bergarak Plus tarifa ezartzea erabaki du.
Martin Etxeberria Bergarako Kirol zinegotziak azalpen hau ematen du: "Bergararrek kanpokoak baino gehiago ordaintzen dabiltza kiroldegiko bazkide txartelagatik. Baina ez da horregatik bakarrik: lehen igerilekuak bakarrik geneuzkan, eta orain, gimnasioa, lehorretako hainbat gune eta, eraikin berean, igerilekuak eta bainuetxea ditugu".

%50eko igoera

Antzuolarrek eta elgetarrek, orain arte, bergararrek bezala ordaintzen zuten kirol instalazioak erabiltzearren, baina aurrerantzean, kanpoko beste edozein erabiltzailek bezala ordaindu beharko dute: bergararrek bi beste.

Etxeberriak hauxe dio: "Agorrosin finantzatzen da bergararren abonuarekin, eta defizita Udalak ordaintzen du. Hortaz, zati bat Antzuolak eta Elgetak ordaindu behar dute. Udal horiek ez dute onartu; hortaz, hango erabiltzaileak beste herrietakoak bezala tratatuko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak