Adin txikikoendako babes-etxeak kezka eragin du auzotarrengan

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko azaroaren 20a

13 eta 18 urte arteko 8 gaztetxo biziko dira Aldundiak kudeatutako etxe horretan. Tratu txar fisiko eta psikologikoa jaso izan duten neska-mutikoak dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak adin txikikoendako babes-etxea jarriko du Bergaran, Moyua kalean. Abendu erdialdean hasiko da martxan eta 13 eta 18 urte arteko zortzi neska-mutiko biziko dira han; sei, gipuzkoarrak eta bi, etorkinak.
Gipuzkoan barrena babes-etxe sarea du Aldundiak eta honezkero, 40 badira. Horietako lau Debagoienean daude, hortaz, Bergarakoa bosgarrena izango da.

Tratu txarren biktima

Diputazioko Haur eta Gazteriaren zuzendari Joxi Insaustiren esanetan, halako etxeetara eramaten dituzte euren etxetik atera behar izaten dituzten umeak; "tratu txar fisikoak eta psikologikoak jasotakoak", hain justu. 
Babes-etxeen ezaugarriak eta halako umeekin jarraitu beharreko prozedura Eusko Jaurlaritzak zehazten du –aurtengo abuztuan kaleratu du dekretu berria– eta etxeon helburua garbia da: "tratu txarrak jasotako ume horiek berriz ere normalkuntza prozesu batera bideratzea", Insaustiren esanetan. 
Helburu hori lortzeko heziketa prozesu sakona egiten da umeekin, Insaustik azaldu duenez, izan ere "oso gogorra da jasaten duten guztia eta gurasoengandik banatu beharra izatea".

Gainerako umeak bezala

Bergarako babes-etxean egongo diren umeek heziketa prozesu normala izan dute orain arte: "Eskolatuak dira eta ez dituzte arazoak sortzen, arazoak jasan baino ez dituzte egin", azpimarratu du "eta gure zeregina babestea da".
Babes-etxean edozein umek bezalako bizitza eroango dute eta hiru txandatan banatuko diren hamaika hezitzaileren laguntza izango dute: "Ohiko bizitza egingo dute, eskolara joango dira eta eskolaz kanpoko ekintzak ere egingo dituzte", azaldu du Haur eta Gazteriaren zuzendariak. Gainera Bergaran joango dira eskolara, seguruenik: "Ari gara baloratzen zortzi gazteetako zeintzuk joango diren eskolara, eta joango direnak, bada, Bergaran joango dira, helburua normalkuntza da eta".

Auzotarrak kezkatuta

Babes-etxea egongo den auzoko bizilagunak kezkatuta daude halako etxe bat ondoan izateagatik. Bestetik, ez bizilagunek ezta Udalak ez dute Aldunditik zuzenean babes-etxea Bergaran jartzekoak zirelako berririk izan eta horrek ere haserrea eragin du auzotarrengan. Honezkero batzarra egin dute auzotarrek Joxi Insaustirekin eta etxearen tipologiaren berri eman die. Horren haritik azaldu du, orohar bizilagunek kezka izaten dutela "jasotzen duten informazioa izaten delako beste mota batekoa. Gutxienek sortzen duten kalteengatik guztiek ordaintzen dute".

Ia 1.400 haur gipuzkoar dago Aldundiaren babespean bizi duten errealitate gordinagatik

Joxi Insaustik emandako datuen arabera, 1.358 haur gipuzkoar ditu Aldundiak babespean, eta 356 etorkin –urriaren 31ko datuak–. Horri, Udal bakoitzak jarraitzen dituen kasuak gehitu behar zaizkio, izan ere, Aldundira iristen direnak dira egoera larrienean daudenak. Aldundiak babespean dituen haur gipuzkoarren kopuruari erreparatuta, Insaustik nabarmendu du "Gipuzkoak duen errealitate ezezaguna" dela hori. Eta gehitu du: "Komunikabideetan ohituta gaude ume etorkinen gainean entzutera, baina haur gipuzkoar askok bizi duten egoera hortxe dago. Gipuzkoarrok ulertu behar dugu badela beste errealitate bat . Gure eskuetatik pasatzen diren 1.358 gaztetxo horiek  ez dira euren eskubideen defentsan ateak jotzen hasiko. Hala, erakundeei dagokigu helduek umeengan sortzen dituzten kalteei aurre egitea. Azkenean, gaztetxo hauekin ezer egiten ez bada, gerora berandu izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak