500 lagunendako bazkaria antolatu dute Erramu-zapaturako

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko martxoaren 17a

Txartelak salgai daude Ariznoa, Pol-Pol eta pilotalekuko tabernan. Seme-alabak dituztenendako zaintza zerbitzua jarriko dute bazkarian eta horretarako izena eman behar da kultura etxean, 943 77 91 58 zenbakian.

Erramu-zapatua geroago eta gertuago dago eta azkeneko hiru urteetan egin duten bezala, herritar talde batek hainbat ekitaldi antolatu du egun horri begira, Udalaren eta hainbat dendaren laguntzarekin.
Erramu-zapatuko azokako  jai giroak zeraman gainbeheraz larrituta ekin zion herritar talde horrek. "Bergaran ez dago halako azoka egun asko; ondorioz, hori mantendu eta indartzeak duen beharraz jabetuta, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen", esan dute antolatzaileek. Era berean, Erramu-zapatuko azoka eguna bergararron "euskal jai" bilakatzea nahi dute: "herritarren parte-hartzea bultzatuko duen jaia, euskal eta bergararron nortasuna eta kultura kalera ateratzeko eguna, euskaraz eta euskal kulturaz gozatu eta festa egiteko eguna". Horretarako azken hiru urteetan gero eta indar handiagoa hartzen doazen ekitaldiak antolatu dituzte eta herri bazkaria da horren adibide: lehena 250 lagunendako antolatu zuten; aurtengoa, 500nendako.

Herri bazkaria

Aurten ere Udal pilotalekuak izango da herri bazkaria eta 500 lagunendako txartelak jarri dituzte salgai, Pol-Pol, Ariznoa eta pilotalekuko tabernan. Prezioari dagokionez, helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte eta 10 urtetik beherakoek, berriz, 10 euro. Menua izango da: zizka miskak, txekorra burruntzian erreta eta entsaladaz lagunduta, postrea, kafea eta kopa.
Berrikuntza moduan, haurrak dituzten familiendako haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute pilotalekuan. Interesatuek kultura etxera (943 77 91 58) deitu beharko dute izena emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak