4 eta 0 irabazi dio Realak Athletici Agorrosinen jokatu den gazte mailako txapelketan

Miren Arregi Amasorrain 2009ko api. 11a, 22:00
Nagusitasun osoz irabazi dio Realak Athletici Agorrosinen jokatu duten gazte mailako futbol partiduan. Norgehiagoka hasi eta berehala egin dute lehen gola donostiarrek eta hortik aurrera, gauzak zaildu egin zaizkio Bilboko taldeari. Dakizuen moduan, gaur Bergaran ikusi ahal izan dena, Realeko gazte mailako nazioarteko txapelketaren baitako futbol partidua izan da. Aurten, gainera, 25 urte betetzen ditu txapelketak. Atzo, egubakoitza, hasi zen Realak antolatzen duen gazte mailako torneoa, eta astelehenean jokatuko dute txapelketako bi talde onenek finala, 12:00etan Anoetan.

Arratsaldeko lau t'erdietarako Agorrosin futbol zelaia jendez beteta zegoen, Realak antolatzen duen Aste Santuko gazte mailako txapelketako futbol partidua ikusteko. Talde aurkariak zeintzuk, eta Reala eta Athletic. Arratsaldeko bostetan eman zaio hasiera partiduari, eta ez da minutu bakar ere pasatu Meho Kodrok zuzentzen duen taldeko gazteek lehen gola egitea lortu dutenerako; golaren egilea –nahiz eta Athleticeko atezainak bere atean sartu duela esan daitekeen–, Antoine Griezmann. Griezmannek baloia erdiratu du, eta Athleticeko atezaina ez da fin ibili; ondorioz, baloiak bilbotarren ate barruan bukatu du. 

Partidu guztian zehar nagusitu da Reala. Athleticek, berriz, ez du izandako aukerak aprobetxatzen jakin izan. Realaren bigarren gola 11 zenbakidun Eneko Eizmendiren eskutik iritsi da, lehen zatiko, 37. minutuan. Lehen zatia amaitzear zegoela eta ikusleak Zumarragako Asier Matallanes arbitroak lehen zatiaren amaiera noiz adierazi zain zeudela, Realak penalti garbi bat egin dio Athleticeko jokalari bati. Hala ere, bilbotarrek, ezin izan dute baloi hori Realeko atean sartu. 

Bigarren zatian lasai hasi dira Realekoak, bi goleko abantailak ematen duen lasaitasunarekin. Hala ere, ez dute minutu batez ere erritmoa jaitsi, eta talde donostiarra izan da bigarren zatian ere aukera gehien izan dituen taldea. Bigarren zatiko 24. minutuan iritsi da Aritz Imaz jokalariaren eskutik hirugarrena, eta partidua amaitzeko minutu gutxi batzuk falta zirenean, Iñigo Martinezek egin du laugarrena.

Emaitza hori izanda ere, esan behar da talde biek erakutsi dutela maila oneko jokalariak dituztela, nahiz eta gaur, argi eta garbi, Reala izan den nagusi.

Nazioarteko gazte mailako txapelketa, baina, ez da oraindik amaitu, eta bihar, partidu bana izango dute Realak eta Athleticek. Hain justu, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko du Oiartzunen, eta Athleticek, berriz, Sevillako taldearen kontra egingo du, Beasainen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak