33 akuarelistaren lanak ikusgai Aroztegi aretoan

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 6a, 01:25
Euskal Akuarelarien Elkarteak jarritako erakusketan, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Burgosko artisten azken lanak biltzen dira, gehienak gainera, hainbat lehiaketetan sariak jasotakoak. Abuztuaren 24a arte egongo da ikusgai.

Estilo asko eta anitzetakoak dira Euskal Akuarelarien Elkarteak antolatuta Bergarako Aroztegi aretoan dagoen erakusketan ikusgai dauden koadroak.  Erakusketa baina, ez da koadroetara mugatzen. Izan ere, bideo emanaldiak ere prestatu dituzte, eta bertan Akuarelarien Elkarteko lanak eta ikastaroak ikusi ahalko dira. Akuarelaren artea bisitariei hurbiltzeko asmoarekin, bitrina bat ere ipini dute, akuarelarien inguruko materiale eta testuekin.

1945ean sortu zen Euskal Akuarelarien Elkartea Bilbon egin zen Nazioarteko Akuarelaren Saloiaren inguruan, eta gaur egun, 279 bazkide ditu. Elkartearen helburu nagusia akuarelarien teknika ezagutzera eman eta erakusketak antolatzea da eta zentzu horretan, Bergarako erakusketa berezia da elkartearentzat antolatzen duten 175.a baita.

Abuztuaren 24a arte egongo da ikusgai erakusketa Aroztegi aretoan: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; zapatutan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak