Bergarako alkate Victoriano Gallastegik eta Aspeko arduradun Patxi Mutiloak sinatu dute hitzarmena. Hirugarren urtez sinatu dute. 2005eko eta 2006ko hitzarmenak berdinak ziren: Aspek gutxienez 15 partidu antolatu behar zituen (kopurua bikoiztu ere egin zen urte bietan) Bergarako frontoian eta Udalak 1.200 euro ordainduko zizkion Asperi partiduko.
Baldintzak aldatu
Aurtengo hitzarmenean aldatu egin dituzte baldintzak. Udalak frontoian hainbat berrikuntza egin ditu (aldagelak eta eserlekuak berritu eta teilatua konpondu) eta horregatik, proposatu dio Asperi Udalak ez ordaintzea dirurik partidu bakoitzeko. Aspek onartu egin du. Horrez gain, gutxienez 15 partidu antolatzeko konpromisoa hartu du Eibarko pilota enpresak. Urtea hasi zenetik zortzi antolatu dituzte; domekan, bederatzigarrena jokatuko dute.
Eibarko Astelena
Bestalde, Bergarako alkateak eskatu dio Asperi pilota partiduak Bergaran antolatzen jarraitzeko egunen baten Eibarko Astelena edo beste frontoi bat zabaltzen badute ere. Mutiloak erantzun dio Astelena zabaltzea gura dutela eurak ere eta horretan dabiltzala lanean. Hala ere, Bergara kontuan hartuko dutela esan dio alkateari.