2 eta 1 aurreratu zaio Bergara Donostiari Herri Artekoan

Julen Iriondo 2009ko mai. 30a, 19:32
Ezustekotzat hartu ahalko zitekeen, bergararrek aurreko kanporaketan Azkoitia moduko tradiziodun herri bat kanporatu izan ez balute. Donostia –iazko txapeldunordea– tokatu zaie orain, eta debagoiendarrek egin dute hilaren 14an jokatuko den finalerako lehen urratsa. Kadete eta nagusien mailan irabazi zuen Bergarak, eta gazteetan galdu.

Ezustekotzat hartu ahalko zitekeen, bergararrek aurreko kanporaketan Azkoitia moduko tradiziodun herri bat kanporatu izan ez balute. Donostia –iazko txapeldunordea– tokatu zaie orain, eta debagoiendarrek egin dute hilaren 14an jokatuko den finalerako lehen urratsa.
Kanporaketa ondo bideratu zuen Bergarak hasieratik. Kadeteetan Mikel Gallastegik eta Beñat Rezustak osatu zuten etxeko bikotea. Partiduaren hasiera parekatua izan zen. Batez ere sakeari esker alde apur bat hartu zuten bergararrek, baina Donostiako aurrelari Manzisidorrek ere erakutsi zuen bere maila, zenbait tanto polit eginaz. Errekurtso askoko pilotaria dela erakutsi zuen, esaterako zabaletik zabalera edo txokotik zabalera egindako jokaldietan.
Eta horixe izan zen, hain justu ere, neurketako gakoa: Manzisidor saihestu eta lan dena Manterola atzelariari uztea. Bergararrek ondo asmatu zuten horretan. Ondo asmatu zuten, hein handi batean Rezustaren ezkerrari esker. Bergarako atzelariak kolpe handia erakutsi zuen ezker eskuaz, sarri pilota baztertuz gainera, eta Manterolak ezin izan zion eutsi. Errematean huts batzuk egin arren, tanto onak egin zituen Gallastegik ere, eta zortzinako berdinketaren ostean bergararrek aldea hartu eta 22 eta 14 irabazi zuten. Jaialdiko hiru partiduetan izan zuen itxura polita frontoiak, baina lehenengoan egon zen animazio gehien.
Gazte mailan alde handia
Bigarren partidua irabaztea ia ezinezkoa zela bazekiten bergararrek eurek ere, batez ere Arzelus donostiarraren mailagatik. Etxekoen prestatzaile Reyes Azkoitiaren nahia "hamar-bat tanto egitea" zen, baina seian geratu ziren.
Jo handia erakutsi zuen euren aurrelariak, eta 5 eta 8koaren ondotik ez zen partidurik egon. Gorka Irizar Bergarako atzelariak pilota asko utzi zituen eraman gabe –batzuk eraman beharrekoak–, eta Aritz Rezusta aurrelariak ere ezin izan zion gehiegi lagundu. Saiatu zen, adibidez, sakeari boleaz erantzuten, baina ez zuen asmatu. 5 eta 17an postuak aldatu zituen etxeko bikoteak, baina horrek ere ez zuen emaitzarik eman.
Nagusietan, lege onez irabazi zuen Bergarak. 1 eta 8 aurreratu ziren etxekoak, baina hamabigarren kartoian berdinduta ziren. Handik amaierara tanto bakarra egin zuten donostiarrek. Muguruzatarretan, Ander oso ondo ibili zen atzean, eta Enekok ere kunplitu zuen, tantoak eta hutsak tartekatu arren.
Itzulerakoa zapatuan jokatuko da, 17:00etan Atanon. Han bi partidu irabaztea edo bakarra irabazita aurkariak beste tanto egitea behar du Bergarak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak