18 urte eta gero, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izan zen Bergaran, egubakoitzean

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abenduaren 14a

Iragarritako orduan hasi zen egubakoitzean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bergarako pilotalekuan eskaini zuen kontzertua. Iragarritako orduan eta iragarri zitekeen jende kopuru ikaragarriak pilotalekua txiki uzten zuen bitartean, Bergarako musika eskolaren 25 urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia hastera zihoan.

Arrakasta itzela izan zuen, izan ere, Orkestra Sinfonikoak bergarar biren lanak interpretatu zituen kontzertuan; Migel Gonzalez Bastida eta Jose Maria Gonzalez Bastida anaien lanak hain justu. Ezin ukatu, beraz, orkestra sinfonikoak ez zuela inongo intentziorik bergararrak etxera axolagabe bidaltzeko, justu alderantziz, Bergaran izen propio garrantzitsuak diren Gonzalez Bastida anaien lanak interpretatzea asmatze bat izan zen-eta. Kontzertu berezia izan zen, Iker Sanchez orkestrako zuzendariak esan bezala, "bergarar biren lanak interpretatzeak orkestraren eta publikoaren artean hurbiltasun goxo bat sortzea ekarri du, are gehiago Migel Gonzalez Bastida bertan egonda". 

Pilotalekua beteta

22:15etik aurrera sartu zirenek, aurrez ez bazuten lagun edota senitartekoren bat tokia okupatzen behintzat, pilotalekuaren goiko parterako bidea hartu behar izan zuten. Bidean, azken eskaileran biolina eskuan zuen gizon ile eta bizar zuria ikusteak, –frak trajea soinean zeramala– , une batez Mozart-en garaietan bizi ginen ustea ere helarazi zien bertaratuei.
Ez dakit norbere kontsolamendurako edo zertarako, baina berehala entzun nuen gorako bidean, "hemen goian akustika askoz hobea dago" esaldia. Une hartan kontsolamendu hutsa zirudiena errealitate bihurtu zen berehala, Iker Sanchez zuzendariak batuta mugimenduan ipintzearekin batera. Bergarako pilotalekuak, itxuran espero ez zitekeen soinua helarazi zigun belarrietara bertaratutakooi. Zalantzarik ez, orkestrak izan zuela horretan zeresana. 

18 urte eta gero, bergaran

26 urteko ibilbidearekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak tinko eusten dio musika sinfonikoa eta batez ere euskal musika munduan barrena hedatzeko helburuari. 26 urteko ibilbidean, lau bider egin du Bergararako bidea, azkena, duela hemezortzi urte, hain justu. 

Migel Gonzalez Bastidaren Lorea lanarekin hasi zuten emanaldia, bertaratuak giroan sartzeko ez ezik, emozio puntu batez zipriztintzeko ere balio izan zuelarik. Izan ere, Migel Gonzalez Bastidak, gazterik hil zitzaion iloba bati egindako lana da hura. Zortzi minutu iraun zuen lanaren ostean, Orkestra osatzen duten partaideen zati handi bat atera zen eskenatokitik, hala nola perkusio taldea, fagot jotzailea izan ezik haizezko instrumentuak jotzen zituztenak, kontrabaxu gehienak, eta biolin gutxi batzuk ere bai, eskenatokian lehengoaren erdia zen orkestra geldituz. 

Fagota protagonista zutela, musika klasikoak inoiz eman duen konposatzaile handienaren, hots, Wolfgang Amadeus Mozart maisuaren, Fagot eta Orkestrarako kontzertua obra eskaini zuten jarraian. Diotenez, Mozartek haizezko instrumentu baterako konposatu zuen lehen lana da bigarren hau. Orkestrak lanaren garapenean fagota mendean hartzen badu ere, fagot solistak izan zuen bere abilezia erakusteko beta, eta ongi aprobetxatu ere. Lan honetan nabaria zen lehenengo lanarekiko aldaketa bat, ikuslea garaiez eta eskenatokiz aldatzera ere eroan zuena. Hiru mugimenduz osatzen da Mozarten Fagot eta orkestrarako kontzertua lana: lehenengoan, Allegro deiturikoan, forma kontrapuntistikoak nabarmendu ziren batez ere. Bigarrenean, Andante ma Adagio mugimenduan, fintasuna eta gainkargarik eza izan ziren nabarmentzeko ezaugarriak eta hirugarren mugimenduak, Tempo di Menuetto delakoak, orkestraren, musikaren eta Mozarten esku bikainaren dotorezia igortzen zuen nota bakoitzean.

Horren ostean etorri zen Jose Maria Gonzalez Bastidaren Leyenda Vasca obraren interpretazioa. Berriz ere, orkestrako partaide eta instrumentu guztiekin, kontrabaxuak eskaintzen duen oinarri sendoaren transmisioak, tronpeten botere eta handitasunak eta arparen kutsu misteriotsuak, kontrastez beteriko obra baten aurrean kokatu zituen ikusleak. Dotorezia horrekin eman zitzaion bukaera lehen zatiari.

bigarren zatia, indartsu
Indartsu, beldurrezko pelikula batetan egongo bagina bezala hasi zen bigarren zatia. Perkusioak zati honetan izan zuen bere handitasunaren tamaina erakusteko aukera. Une horiek baina, egunsentiaren argitasun eta lasaitasunarekin hautsiak izan ohi ziren, biolinaren soloek edota soilik sokazko instrumentuek interpretatutako zatiak zirelarik egunsenti horren oinarri.

Sheherazade printzesaren historia kontatzen zuen XIX. mendeko lan horrek, las mil y una noches lana izan zuen inspirazio iturri, Sheherazade suite sinfonica idatzerakoan. 41 minutuko interpretazioaren ostean amaitu zen kontzertua, ofizialki. Izan ere, oraindik bi abesti falta ziren entzuteko.

Lehena eskaini zutena, XIX. mendeko konposatzaile handienetariko baten lana izan zen, ezaguna eta era berean jendearen gustukoa izan ohi den abesti horietakoa; Brahms-en Danza Húngara Nº 5 eta azkena, Jesus Guridi maisu gasteiztarraren Amorosas  lan ezaguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak