Inauguratu dituzte Angiozarko eskolako jangela eta zaintza zerbitzua

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko azaroaren 27a

Zapatuan Angiozarko eskola txikiko jangela eta zaintza zerbitzuak inauguratu zituzten. Ikasle, guraso, amama eta Udaleko ordezkariak batu ziren inaugurazio ekitaldian.

Eskolan bertan egokitu dute jangela. Txikitxoa da, "xumea", inaugurazio ekitaldian esan zuten moduan, baina beharrak modu egokian asetzen ditu, zaintza zerbitzuak bezala, eta horixe da garrantzitsuena. "Ikastetxe handiek baldin badute, guk zergatik ez, bada?", esan zuen Jon Ander Loitik, Angiozarko eskola txikiko Gurasoen elkarteko lehendakariak. Eta arrazoi du. Han ere gurasoek lan egiten dute, eta halako zerbitzuen beharra nabaritzen zuten. Hain justu ere, gurasoek eta guraso gaiek egindako batzarrak izan dira zerbitzu berrien abiapuntua eta ezinbestekotzat jo zituzten haurrak Angiozarren geratzeko. Hala, eta lan handia egin eta gero, bete egin dute. Izan ere, guraso elkarteko kideek eurek egokitu dute jangela, liburutegiaren alboan, hilabete eta erdiko lanaren ondoren –uztail eta abuztu bitartean egokitu dute–.

Laguntzaileak ere izan dituzte eta inaugurazio ekitaldian eskerrak eman zizkien Loiti Gurasoen elkarteko lehendakariak materialetan eta dirutan emandako laguntzarengatik. Besteak beste, eskerrak eman zizkien Candy eta Fagor etxetresna enpresei, Eroskiri, Saneamientos Guipuzcoari, Servimasari eta Auzo-Laguni. Horrekin batera, Bergarako Udalarendako eta Hezkuntza Sailarendako ere izan zituen esker hitzak, "izan duten erantzun azkar eta emankorrarengatik". Baita Auzo-Lagun enpresako Susana Roa eta Hezkuntza Saileko jangela zerbitzuen arduradun Javier Garciari, "opor garaian izanda ere eman diguten laguntzarengatik".

Eskola bako egunetan ere zabalik

Jangela eta zaintza zerbitzua zabalik egongo dira umeek eskolarik ez izan arren; izan ere, gurasoen lanegun guztiak bete gura dituzte. Gainera, eskaintza hori zabaldu gura diete Angiozarko eskolan ez ibili arren Angiozarkoak diren umeei. Azken batean, "proiektu hau herriarena eta herriarentzat delako eta ez eskola komunitatearena", Loitik azaldu bezala.

Ordutegia gurasoen beharretara egokituta

Aurtengo ikasturtean Haur Hezkuntza eskaintzen du Angiozarko eskolak eta 2 eta 5 urte arteko zortzi ikaslek dihardute. Zerbitzuen ordutegia gurasoen beharretara egokitu dute: zaintza zerbitzua 07:30ean irekiko dute eta eskola orduak hasi arte egon daitezke han umeak. Bazkalorduan, berriz, jangela eta zaintza zerbitzuak egongo dira martxan eta bazkalostean, zaintza zerbitzuak zabalik jarraituko du 17:00ak arte. Gero, liburutegi zerbitzua zabaltzen dute eta han jarrai dezakete umeek gurasoek beharrik izanez gero. Jangela eta zaintza zerbitzuez arduratzeko pertsona bat kontratatu dute eta bazkalorduan laguntzailea izango du. Zerbitzuon kostuaren herena gurasoek hartuko dute beren gain, beste heren bat Bergarako Udalak eta hirugarren herena dirulaguntzen, zozketen... bidez lortuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak