Hasi dituzte lanak Komenio kalean herriko lehen lur azpiko edukiontziak jartzeko. Lanak Gabon jaien inguruan bukatuko dituztela uste dute eta "Errege egunetik aurrera izango ditugu erabiltzeko moduan", Joseba Aizpurua udal ingeniariak azaldu digun moduan.
Sei zulo
Komenio kalean sei zulo egingo dituzte lur azpiko zaborrontziak jartzeko: zabor organikoa jasotzeko hiru, beira jasotzeko bat, papera eta kartoia jasotzeko beste bat eta edukiontzi arinak jasotzeko azkena. Zabor organikoa jasoko duten ontziek lau metro kubikoko edukiera dute eta beste hirurek, hiruna.
Ibargarain eta Bideberrin
Komenio kaleko lur azpiko edukiontzi horiek lehenengoak izango dira baina ez azkenak. Alkateak ere esan izan du gehiago jarriko dituztela herrian eta Joseba Aizpuruak berretsi egin du asmo hori: "Ibargarain egiten ari diren etxe berrietan ere jarriko ditugu eta baita Bideberrin ere. Asmoa da toki gehiagotan ere jartzea baina leku batzuetan ez da posible izango edukiontzi horiek behar duten mekanismoagatik".
Mankomunitatearekin batera
Mankomunitatearekin batera egindako akordioa da proiektu hori. 60.000 euro inguruko aurrekontua dute lanek eta horren erdia pasatxo, 30.807 euro, udalak ordainduko ditu. Mankomunitateak edukiontzien kudeaketa ordainduko du eta udalak obra zibilak egingo ditu, instalazioa eta mantenua.