'Seussen mundua' musikala, zapatuan Bergaran

EduMendibil 2006ko aza. 9a, 18:31
Seussen mundua, Bergarako Orfeoiak pasa den Gabonetan Bilbon estreinatutako ikuskizuna, Bergaran ikusteko aukera izango da zapatuan. Bi emanaldi egingo dituzte Orfeoiko kideek Udal Pilotalekuan, bata 19:00etan eta bestea 22:30ean. Seussen lan bat euskaraz antzezten den lehenbiziko aldia da. Broadwaytik Euskal Herrira datoz Seussen pertsonaiak, ikusleak konkistatu nahirik.

Seussical the musical ikuskizunean oinarritutako lana da Orfeoiarena. AEBetan oso ezaguna den arren, Theodor Seussen lana ez da gurean askorik ezagutzen. Hala ere, Seussek lan oparoa utzi zuen: 50 liburu inguru idatzi zituen eta bere lanen 100 milioi kopia saldu dituzte mundu zabalean. Hizkuntza askotara itzulita daude haren liburuak. 1904. urtean Springfielden (Massachusetts) jaioa, 1991n hil zen Theodor Seuss.

Ikusle guztiendako moduko ikuskizun musikal alaia da Seussen mundua. Valen Moñux da zuzendari artistikoa, eta jende ugarik hartu du parte: kantariak, musikariak, dantzariak eta antzezleak, besteak beste. Guztira, 117 lagun izango dira taula gainean. Orfeoiko kideez gain, Musika Eskolako 20 musikari, kantu ikasleak... Bergarako emanaldietan, nobedade gisa, Tolosako Izaskun Arriola Dantza Zentroak hartuko du parte, emakumezko zazpi dantzarirekin eta gizonezko beste dantzari batekin. Musikari dagokionez, esan bezala, 20 lagunek osatzen dute: Musika Eskolako irakasleek eta maila altuko ikasleek, besteak beste.

Bi orduko ikuskizuna

David Azurtza da zuzendari musikala eta espazio eszenikoa Jose Luis Raimondek diseinatu du. Eszenografia, aldiz, Kukubiltxo Antzerki Taldearena da eta testuaren itzulpena euskarara Blanca eta Rosa Narbaiza ahizpek egin dute. Ikuskizunak bi ordu irauten du eta tartean 15 minutuko atsedenaldia izango da.

Eta zer kontatzen du Seussen mundua-k? Potol elefantearen istorioa, hauts-izpi baten barruan bizi ziren planetako biztanleak salbatu nahi izan zituen elefantearena. Historiaren pertsonaia guztiak aurkeztu ondoren, Potol elefantea bizi den Non oihana erakutsiko digu txisteran dagoen katuak. Hortik aurrera animalien gorabeherekin eta musikarekin gozatuko dugu. Bereziki neska-mutikoei zuzendutako ikuskizuna da, baina adin guztikoek ikusteko modukoa.

Lau urteko lana

Seussen mundua musikala gertatzen orain dela lau urte hasi ziren, 2002an. Oliver! ikuskizunarekin lortutako arrakasta ikusita, Producciones Serrano enpresak beste musikal bat gertatzeko enkargua egin zion Bergarako Orfeoiari. New Yorkeko Music Theatre International konpainiari erosi zizkioten Seussical the musical lanaren eskubideak, eta lan gogorra izan zen hura moldatzea. Valen Moñuxek zera dio: "Bertsio ugari egin dira mundu zabalean, elkarren artean oso ezberdinak. Guk argi geneukan animaliekin egin nahi genuela, eta Kukubiltxo konpainiarekin harremanetan hasi ginen. Hasieratik hona gogor egin dugu lan, eta gustura gaude lortutako emaitzarekin, ea beste herri batzuetan ere antzezterik badaukagun... Itxaropen hori daukagu behinik behin, lan handia eskatu digun ikuskizuna izan delako eta merezi duelako ahal den toki guztietan erakustea".

Azken sarrerak salgai

Zapatuko bi emanaldietarako sarrera gehienak salduta badaude ere, gutxi batzuk geratzen dira: egubakoitzean, 20:00etatik 21:00etara zabalduko dute Udal Pilotalekuko leihatila eta zapatuan, 18:00etatik aurrera. Egubakoitzean, Bergarako Deba Garaia Inmobiliarian eskuragarri izango dira, bulegoko ordutegian. Sarrerak 15 eurotan eta 12 eurotan salgai jarri dituzte, baina 12 eurokoak bakarrik geratzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak