Bere margoen bitartez, herriko kronistetako bat bilakatu da Miguel Okina (Bergara, 1924). Jadanik galduta diren hainbat txoko edota herriko pertsonai ezagunak (Txibisto-ren erretratua esaterako) margotu ditu gaztetan margotzen hasi zenetik. Ibilbide luze horren gainbegiratua da Aroztegiko erakusketa.
Bergararen gaineko koadroez gain, han eta hemen egindako lanak erakutsiko ditu Miguel Okinak. 1949tik 2006ra bitartean margotutako 35 koadro dira: erretratuak, paisaiak eta natura hilak. Guzti horietan bere maisutasuna azaltzen du Okinak. Erakutsiko dituen koadroen aukeraketa egitea ez zaio erraza gertatu: erretratuen kasuen adibidez, 600 lan inguru eginda dauzka eta erakusketan 11 besterik ez dira egongo. Aurten egindako hainbat lan ere zintzilikatuko ditu Okinak Aroztegin.
Inaugurazioa, gaur
Urte asko igaro dira azken erakusketa egin zuenetik eta ilusionatuta dago Okina: "Pozgarria da norberaren lana erakustea eta Aroztegin bada, askoz hobe. Aukeraketa egiteko orduan, nik baneuzkan koadro batzuk eta beste hainbat erakusketarako espresuki eskatutakoak dira". Sasoi betean jarraitzen du Okinak eta egunero pintatzen du bere estudioan.
Erakusketa gaur, egubakoitza, inauguratuko dute Aroztegin, 19:00etan. Azaroaren 26ra arte izango da ikusgai: martitzenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era; zapatutan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan goizez, 12:00etatik 14:00etara.