Zenbat udal lokal eta zein egoeratan dauden jakiteko txostena egiten ari dira

Udal aparejadorea eta ingeniari bat ari dira lokalak ikusten eta zein egoeratan dauden aztertzen; konpontze lanen aurrekontua aterako du gero ingeniariak.

Udal lokalak zenbatu eta zein egoeratan dauden aztertuko du udalak. Asmoa da lokalek dituzten gabeziak zeintzuk diren ikustea eta egungo legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten edo ez ikustea.

Eskaera handia

Udal lokalak erabiltzeko eskaera handia delako hartu du erabaki hori udalak alkateak esan duen bezala: "momentu honetan udalarenak diren baxu guztiak daude okupatuta. Eskaera dezente daude lokal horiek erabiltzeko, baina lehenengo jakin behar dugu zehatz zein egoeratan dauden eta horregatik egingo dugu txosten hori. Orain ere zenbatuta ditugu zenbat diren udal lokalak eta txostenak informazio hori gaurkotuko du batetik, eta lokalen egoera zein den jasoko du bestetik". Lokalek legeak jasotzen dituen irizpideak betetzen dituzten ere jasoko du txostenak, adibidez: larrialdi irteerak, egoitzaren egoera, sua itzaltzekoak edo larrialdietarako argiak dituzten. "Txostenak jasotakoa aztertuko dugu bukaeran eta egin beharreko lanen aurrekontua egingo dugu gero", esan du Victoriano Gallastegi alkateak.

Aparejadorea eta ingeniaria

Jose Maria Etxeberria udal aparejadorea dabil lokalak ikusten ingeniari batekin batera. "1999an ere egin genuen horrelako txosten bat eta harrez gero aldatu dena ikusi nahi dugu orain. Ingeniariak konpondu beharreko lanen aurrekontua aurkeztuko du gero", azaldu du Etxeberriak. Herriko udal lokalak banan-banan ikusten ari dira bi lagunak. Irizar jauregian, adibidez, GOIENKARIA dagoen tokia, KZgunea eta Epa dauden lokalak ikusten egon dira. Ingeniariak argazkiak ere atera ditu, pitzatutako paretei, adibidez. Zabalotegin hainbat taldek erabiltzen dituzten lokalak eta goiko estazioa ere ikusiko dituzte. Txostena egiteko eperik ez dute jarri baina lehenbailehen egin nahi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.