Umeendako ipuinak, jolasak eta margoak ditu Xipizaro ludoteka berriak

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko urriaren 20a

Hiru urtetik 12 urte bitarteko 40 umerendako tokia du Xipizaro ludoteka berriak eta izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Agorrosinen dago orain Xipizaro ludoteka, bigarren solairuan, tabernaren ondoan. Azaroaren 18a arte, ate irekiak izango dituzte ume zein gurasoendako, toki berria nolakoa den ikusteko.

Lehengoa baino egokiagoa

Gemma Hoyos da Xipizaron diharduten hiru begiraleetako bat eta bere esanetan lehengoa baino egokiagoa da oraingo ludoteka: "komunak bertan ditugu, zarata gutxiago dago, lehengoa baino toki argiagoa da, berotzeko errazagoa eta musika hobeto entzuten da, ez dago oihartzunik. Gainera, kanpoan terraza dugu eta horrek ere ematen dizkigu aukerak, eguraldi ona egiten duenean, behintzat. Egia da lehen herriaren erdian geundela baina igerilekura datozen umeek bertan dute orain Xipizaro. Gurasoek ere badute egoteko tokia, taberna ondoan dago eta. Toki berrira ohitzea baino ez da falta".

Material anitza

Material aldetik ere erabat jantzita dago ludoteka berria. "Jolasak, liburuak, margoak eta psikomotrizitatea lantzeko gauzak ditugu, adibidez. Batzuk berriak dira eta beste batzuk lehengo ludotekatik ekarri ditugu ", dio Gemmak. "Marrazkiak egitea gustatzen zaie gehien umeei, baita eskulanak ere, baina ipuinak gutxiagotan eskatzen dituzte. Ume batzuk, etxeko lanak ere egiten dituzte ludotekan", jarraitu du elgoibartarrak.

Helburuak

Umeak euskaraz jolas egitea nahi du Xipizarok eta baita eskolen arteko harremanak bultzatzea ere. "Askotan ikastetxe bereko lagunekin bakarrik ibiltzen dira umeak eta hemen aukera dute beste ume batzuk ezagutzeko ere euren lagun egiteko", zehaztu nahi izan du Gemma Hoyos Xipizaroko begiraleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak