Ritxar Fernandez eta Arantxa Aldalur azkarrenak Soraluze-Bergaran

Goreti Elortza 2006ko urr. 9a, 10:59
Antxintxika Triatloi Taldekoek antolatutako Soraluze-Bergara II.Herri Krosak erantzun bikaina izan zuen. Soraluzetik Bergarara 10 kilometro egin behar izan zituzten Euskal Herri osotik etorritako 222 korrikalariek. Iaz baino kilometro bat gutxiago izan du krosak aurten, eta antolatzaileen ahotan, "azkarra izan da lasterketa, maila handiagoko korrikalariek hartu dute parte eta. Oso pozik gaude II.edizio honek izandako erantzunarekin".

11:00etan hasi zen krosa Soraluzen. Eta 11:30ean heldu zen bakar-bakarrik lehenengo korrikalaria Bergarako helmugara. Ritxar Fernandez oñatiarra izan zen azkarrena. "Abiadura handia izan du lasterketak hasieratik. Ionut Zinca errumaniarra gogor hasi da baina bigarren kilometroan harrapatu dut. Hortik aurrera joan naiz aurretik helmugaraino" azaldu zigun irabazleak.

Lehen emakumea, Arantxa Aldalur azpeitiarra izan zen.

Omenaldia Jose Luis Fernandezi

12:30ean egin zuten sari ematea eta horren ondoren, omenaldia egin zioten Jose Luis Fernandezi, ekainean hildako korrikalari bergararrari. Haren alargunak lore-sorta eta bere argazkia jaso zuen Antxintxikakoen eskutik. Gero, hainbat opari zozketatu zituzten partehartzaileen artean.

Valentin Egidazu Bergarako Udaleko kirol zinegotziak Antxintxika Triatloi taldearen lan handia goraipatu nahi izan zuen. "Antolakuntza bikaina izan da, ez dugu arazorik izan. Lan handia egin du Antxintxika taldeak eta eskertzekoa da hori. Herrian giro polita sortu da gainera".

Gaztetxoen probak

09:45etan hasi ziren Bergaran gaztetxoentzat probak. Alebin eta infantilen mailetan banatuta, 1.000 eta 1.500 metro egin zituzten korrika neska-mutil gazteek. 10:30ean sariak eman eta opariak zozketatu zituzten korrikalarien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak