Aranzadi ikastolak eskuan du Kilometroen lekukoa

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko urr. 2a, 11:36
Bergarako ikastolari dagokio datorren urteko ikastolen aldeko jaia antolatzea; atzo hartu zion errelebua Oiartzungo ikastolari.

Urte osoa prestakizunetan ibili ondoren, erantzun ezin hobea izan zuen atzo Oiartzungo Haurtzaro ikastolak bere egun handian. Halakoetan horren garrantzitsua den eguraldia lagun izan zuten, gainera, eta milak lagunek egin zuten bat inGoYeu! inGoÑeu! leloarekin.

Han izan ziren baita ere Bergarako Aranzadi ikastolako hainbat ordezkari. Eurek dute datorren urteko Kilometroak jaia antolatzeko ardura, eta atzo egin zuten ofizial; hain justu, Joserra Zubizarreta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Oiartzungo ikastolako ordezkariek jaiaren lekukoa eman zietenean Patricia Urrutia Aranzadi ikastolako zuzendariari eta Angel Mari Eguren lehendakariari.

Erronka dute orain aurrean

Pozik hartu zuten lekukoa Aranzadi ikastolakoek. Urrutia zuzendariak esandakoaren arabera, "sentsazio nahasketa" izan zuen lekukoa hartzeko unean. "Oso pozik eta aldi berean ardurarekin hartu dugu lekukoa; izan ere, erronka handia dugu aurrean", gehitu zuen.

Aranzadi ikastolak aukeratuta ditu dagoeneko Kilometroak 2007ko leloa eta irudia: Argi daukagu izango da Aranzadikoek hedatuko duten leloa eta irudian, bonbillak eta argiaren haria ikusiko dira. Horrekin batera, ibilbidea trenbide zaharretik joango dela ere argi daukate, nahiz eta, Urrutiak aurreratu duenez, oraindik gauza asko dagoen zehazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak