Egubakoitza ezkero zabalik dago Urteaga kalea, Antzuolarako bide zaharra

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko irailaren 19a

Ia hiru urtez egon da itxita bide hori ibilgailuendako zein oinezkoendako eta harrobiaren gaineko mendi magala eusteko lanak guztiz bukatu ez dituzten arren –azarora arte iraungo dute lanek–, dagoeneko zabaltzeko moduan zegoela aurreratu dute Aldundiko Errepide Departamentutik.

Mendiaren magala eusteko lanak bi fasetan egin dituzte, eta, hain justu, bigarrena da bukatzear daudena. Lehenengoa 2005ean egin dute eta irristatze gunearen goiko zein erdiko aldeetan pareta bana egin dute. Bigarren fasea 2006an egin dute eta horretan ere bi pareta egin dituzte. Paretok egiteko eta lur-jauzirik berriro ez gertatzeko, lurra kendu dute menditik eta harrobian sartu dute. Bestalde, paretak handiak eta sendoak dira: egin duten hirugarrenak, esaterako, 54 metro ditu luzeran eta lau altueran. Aldundiak egindako lanok 6,2 milioi euroko aurrekontua izan dute.

Hainbat eragozpen

2003ko maiatzean itxi zuten Urteaga, eta horrek hainbat eragozpen eragin dizkie inguru hartako bizilagunei, enpresei eta bergarar zein antzuolarrei, oro har. Izan ere, 2,5 kilometro gehiago egin behar izan dituzte herri batetik bestera joateko.

Euren etxebizitza laga behar izan zuten bost familiaren kasuan, oraindik ez dute etxera itzultzeko jakinarazpenik jaso. Izan ere, euren etxe ostean hainbat lan daude oraindik egiteko. Aldundiak Udalari arriskurik ez dagoela jakinarazi eta Udalak baimenduko du itzulera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak