12:30ean hasi zen inaugurazio ekitaldia. Han izan ziren Joxe Juan Gonzalez de Txabarri diputatu nagusia, Fernando Tapia Gizarte eta Instituzio Harremanetarako diputatua, Iñaki Ugarteburu Aldundiko Kirol Zuzendaria, Victoriano Gallastegi Bergarako alkatea eta herriko beste hainbat udal ordezkari. Baita Antzuolako eta Eskoriatzako alkateak ere.
Txistu arteko berbak
Agintariok iritsi zirenerako, herritar multzoa batuta zegoen eraikinaren aurrean; hain justu ere, agintarien aurrean herriko hainbat proiekturekin duten desadostasuna azaltzeko. Zabalotegi Bizirik plataformak deitu zuen elkarretaratzea eta harekin hainbat herritarrek egin zuten bat, tartean Bergara Aurrera plataformak eta Zinea Orain taldeak. Han batutakoek txistuka hartu zituzten agintariok.
Eraikinaren sarreran egin zuten inaugurazio ekitaldia eta Gallastegi alkateak hartu zuen hitza lehendabizi: "Agorrosin ekintza-gune berria atzerapenarekin etorri da", esan zuen, "baina gauzak ondo egiteko denbora behar izaten da", gehitu zuen. Horrekin batera, gogora ekarri zuen gunearen lehenengo fasea dela bukatu dena. Bainuetxea datorren udaberrian zabalduko dute eta datorren udarako egongo da prest kanpo aldeko berdegunea. Gallastegik bertaratutako hainbat herritarren txistuen eta irain bat edo besteren artean egin zituen hitzok.
Zinema aretoarekin zer?, Urteaga kalearekin zer?, Zabalotegi auzoarekin zer?, Apartheid politikoarekin zer? eta halako galderak zituzten pankartatxoekin sartu ziren herritarrok ekitaldira.
Gallastegiren ondotik, diputatu nagusiak hartu zuen hitza, eta hark ere jaso zuen txisturik: "Inaugurazio hau pozgarria da Aldundiarendako", esan zuen. "Legegintzaldiaren hasieran programa zehaztu genuen Udalarekin eta hitzartutakoa aurrera doa eta aurrera jarraituko du. Izan ere, historian barrena Bergarak funtzio nabarmena izan du Gipuzkoan eta funtzio nabarmen horrekin jarraitu egin behar du"; hala, azpiegituren beharra azpimarratu zuen.
Ohorezko aurreskua dantzatu eta plaka oroigarria bistaratu eta gero, instalakuntzak ikusteko bisita egin zuten. Bien bitartean, eraikinaren kanpoaldean, laster baretu zen ika-mika sortu zen herritar batzuen eta Ertzaintzaren artean. Handik gutxira, 13:00etan, ireki zituen ateak Agorrosingo ekintza-gune berriak, herritarrek, lehenengoz, bertatik bertara ikusteko.