Bergarako Irabi enpresaren atarian protesta egin zuten atzo, eguena, hainbat lagunek, uztailean hiru langile kaleratu zituztela salatzeko. Irabiko langileak eta jabe berarena den Iraundiko enpresa komiteko kideak batu ziren pankartaren atzean.
Uztaileko azken astean izan ziren kaleratzeak, eta hilabete terdi geroago, ez dutela ahazten adierazi nahi izan zuten atzo bilkurarekin bat egin zutenek.
Irabi enpresan 12 langile daude eta soilik ELA sindikatuak du ordezkaritza; Iraundin, berriz, 60 inguru dira langileak eta ELAk ez ezik, LABek ere badu ordezkaririk.
Protestekin jarraitzeko asmoa
ELAk Debagoienean duen metaleko arduradunak adierazi zuen egoerak hobera egin ezean protestekin jarraituko dutela eta herrira ere zabalduko dituztela. Kasu horretan, deialdia sindikatu orori zabalduko dietela gaineratu zuen.