Txosna batzordeak uste du San Martin jaien egitaraua jendearen partehartze barik egin dutela eta horrek "kezka" sortzen dietela esan dute kideek. Salatu dute eurek Munibe plazan txosna jarri eta hainbat ekitaldi egiteko baimena abuztu erdi aldean eskatu zutela eta jaietarako hiru egun falta direnean jaso dutela Udalaren ezezko erantzuna. Hala ere, pentsatuta zituzten gauza asko egin egingo dituztela esan dute batzordeko kideek eta eskerrak eman dizkiete horiek egiten lagundu dieten guztiei. Egubakoitzean, adibidez, kalejira egingo dute 19:30ean eta paradoia 20:30ean. Zapaturako, berriz, herri bazkaria antolatu dute gaztetxean, 15:30ean.