Domingo Irala kale berria nolakoa izango den aurkeztuko du Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ira. 1a, 12:46
Ikuskizunak egiteko plazatxoa, iturri berri bat eta komun publikoak jarriko dituzte, besteak beste. Gaspar ondoko garajea eta Sagarpe elkarte gastronomikoaren parra bota egingo dute horretarako. Ez dute lur azpiko aparkalekurik egingo. Aurten hasiko dituzte lanak.

Gaur, egubakoitza, aurkeztuko dituzte Domingo Irala kalea berriztatzeko proiektuaren planoak. Irizar jauregiko lorategietatik hasi eta plazatik behera datorren kaleraino berriztuko dute kalea. Oraingoa baino zabalagoa izango da eta herriko alde zaharra eta berria batuko ditu. Oraindik, ordea, erabakitzeke dute oinezkoendako bakarrik izango den edo ez. "Gero ere autoendako bidea egongo da, orain bezala, baina ezingo da aparkatu. Egunen baten, ordea, oinezkoak bakarrik ibiltzeko kalea izango da baina oraindik ez dago erabakita", esan du Victoriano Gallastegi alkateak.

Gasparreko garajea bota

Bergarako BEB Arkitektoak enpresak egin ditu proiektuaren planoak. "Bi helburu bete nahi izan dugu proiektu honekin: kalea bere osotasunean ikustea eta herriko alde zaharra eta berria batera eta bistan mantentzea", dio Xabier Berasategi arkitekto bergararrak. Horregatik, Domingo Irala kale berria erabat ezberdina izango dela aurreratu du. "Kaleko zoru dena jasoko dugu berria jartzeko. Gaspar jatetxearen ondoko garajea, adibidez, bota egingo dugu eta txikiagoa egin. Sagarpe elkarte gastronomikoko parra ere kendu egingo dugu eta Usoa eta Eusebio tabernen aurreko terrazatxoa berria egingo dugu. Irizar jauregiaren bueltan dauden paretak ere bota egingo ditugu eta hor dauden lorategiek beste itxura bat izango dute gero" zehaztu du Berasategik. Alde zaharra eta berria lotzeko, hainbat material erabiliko dituzte lanetan, galtzadarria eta granitoa, esaterako.

Komun publikoak

Domingo Irala kale berrituan 40 zuhaitz baino gehiago landatuko dituzte gero, palmondoak eta ezkiak tartean, eta lur azpiko eduki ontziak jarriko dituzte Ariznoa parean egingo duten plazatxoaren ondoan, Gaspar ondoko garajearen ondoan eta Irizar kalean. Plaza txiki berri horretan, argi eta ur hartuneak jarriko dituzte ikuskizunak antolatu ahal izateko eta iturri berri bat ere ipiniko dute inguru horretan. Bestalde, Ormazabal hotelaren atzealdean, komun publikoak egingo dituzte. Gainera, oinezkoak esertzeko parterreak (buelta guztian eserlekua duen lorategi txikiak) jarriko dituzte bai kalearen erdi aldean baita Irizar jauregiaren aurrean ere.

Aurten hasiko dituzte lanak

Domingo Irala kalea berriztatzeko proiektua aspaldikoa da. Bergarako BEB Arkitektoak enpresak 2003ko irailean aurkeztu zuen proiektua. "Dena konponduta dago. Kalean terrenoak zituzten Barrenkaleko bizilagunek udalari laga dizkiote eta trukean, euren lokalak lokal komertzial izateko baimena eman die udalak", azaldu du alkateak.

Lanak bi fasetan egingo dituzte eta bitartean kalea ez dutela itxiko aurreratu du Victoriano Gallastegik. "Lehen fasean, Gasparreko garajea eta Sagarpe bota eta kale erdiko plazatxoa egingo dute. Bigarrenean, Irizar jauregiaren hormak bota, lorategiak berrantolatu eta Usoa eta Eusebio pareko terraza berria egin, plazatik behera datorrenak, kalea osotasunean ikusteko" , azaldu digu Xabierrek.

Proiektu osoak bi milioi eurotako aurrekontua du gutxi gorabehera. "Hortik %30a Izartu programan sartzen da. Onceri ere eskatu diogu dirulaguntza baina ez dugu oraindik erantzunik jaso", argitu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak