Foruak galdu zirela 130 urte bete direla gogoratuko dute

Datorren egubakoitzean, uztailaren 21ean, betetzen dira 130 urte Euskal lurralde historikoek foruak galdu zituztela. Hori gogora ekartzeko, orain dela 30 urte Bergarako alkateen taldean jardundakoak elkartuko dira. Bergarako udaletxean izango da hori, goizeko 11etan.

Elkartuko dira besteak beste, Jose Luis Elkoro, orduko Bergarako alkate zena; Imanol Murua, Zarautzeko alkate zena; Jose Antonio Altuna Txatillo, Arrasateko alkate zena; Jabier Errasti, Eskoriatzako alkate zena; eta orduko Bergarako udalbatza osatzen zutenak ere gonbidatuta daude. Victoriano Gallastegi Bergarako alkatea ere egongo da han. Ekitaldia publikoa izango da, herri guztiarendako.

Liburua ere aurkeztuko dute

Bide batez, aurkeztuko dute liburu bat, trantsizio garaian Bergarako alkateen mugimendua osatu zutenen gainekoa. Liburuaren izenburua da: Alkateak borrokan. Bergarako taldea trantsizioan. (1975-1979). Txema Urrutia Herri Irratiko kazetaria izandakoak idatzitakoa da eta kaleratu berri du Txalaparta argitaletxeak.

Ikurrinaren legeztatzea ospatzeko (1977ko urtarrila) edota Foruak galdu zirela gogora ekartzeko hainbat lan egin zuen trantsizio garaian Bergarako alkateen taldeak. Foruak galdu zirela 100 urte bete zirenean, 1976ko uztailaren 21ean, Bergara milaka eta milaka euskaldunen topaleku bihurtu zen.

Bergarako alkateen taldea

Euskal lurraldeen eskubide historikoak aldarrikatu zituzten Bergaran egin zen ekitaldi jendetsu hartan. Baina zergatik egin zuten Bergaran? Bada, trantsizio denboran, 1975-1979, erakunde demokratikoak oraindik ezarri barik zeudela, Debagoieneko hainbat udalek eta alkatek, eta baita inguruko beste batzuk ere (Zarautz, Azkoitia...) oso paper garrantzitsua jokatu zutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.