Bergarako Garbigunean egoera jasanezina dela salatu du Mankomunitateak

Bergaran Garbigunea arazo iturri bihurtu da, askok ez dutelako ordutegia errespetatzen eta hesiz kanpo uzten dituztelako hondakinak. Mankomunitatetik adierazi dute Garbigunearen kanpoaldea hondakindegi bihurtu dela, eta egoera jasanezina dela.

Hiri hondakinen bilketarako instalazioak dira Garbiguneak; altzariak, koltxoiak, beirak, pilak edota motorren olioa jasotzen dituzte bertan. Debagoienean hiru daude: Arrasaten, Oñatin eta Bergaran. Azken honetan arazoak izan dira, baina, jendeak ordutegiak errespetatzen ez dituelako eta hesiz kanpo uzten dituelako hondakinak. Eta askok kontrakoa pentsatzen badute ere, Garbiguneko langileek ez dute beti aukerarik izaten horiek jasotzeko.

Hala, urtebete inguruan hondakin mordoa pilatu da eta egoera jasanezina bihurtu da.

Ingurua garbitzen aritu dira

Egoerari buelta emateko, bi langilek jardun dute guztia garbitzen: hondakinak jaso eta Garbigune barrura sartu dituzte banan bana, bertan dagokien edukiontzira botaz. Lan horretan jardun duten bitartean, saguak eta arratoiak ere topatu dituzte. Egoera hori errepika ez dadin, arauak betetzeko deia egin dute Mankomunitatetik.

Ordutegiak errespetatu

Garbiguneak zabalik egoten dira astelehenetik ostiralera 9:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Zapatuetan, goizez bakarrik, 9:00etatik 13:30era. Abuztuan aldaketak izango dira: Garbigune bakoitza astean bi egunetan egongo da zabalik 9:00etatik 13:30ak arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.