Ikusle bat hil zen Gorlan, autoak jota

A.G. 2006ko eka. 12a, 10:25
Ermuko 50 urteko gizonezkoa bidea gurutzatzen ari zen probako Ford Sierra Cosworth autoak jo zuenean. Proba bertan behera geratu zen.

Gorlako Igoera zehaztutako orduan hasi zen, arratsaldeko lauretan. Ordu horretan entrenamenduko igoera egin zuten izena emanda zuten 62 pilotuek. Bostak eta laurdenetan hasi zuten lehen ekitaldia eta handik ordu laurdenera gertatu zen istripua.

Aitor Lazkanok gidatzen zuen 30 zenbakidun Ford Sierra Cosworth markako autoak, ikusle bat harrapatu zuen. Gorlako igoerak dituen 28 bihurguneetatik 26.ean gertatu zen. Berehala hurbildu ziren bertara DYAko anbulantziak. Istripuaren lekuan bertan biktima suspertzen ahalegindu ziren, baina zituen zauri larriak ikusita Debagoieneko ospitalera eraman zuten, eta bertan zendu zen.

Menditik zetorren

Ertzaintzaren iturrien arabera, hildakoa 50 urteko gizonezkoa da J.C.G.O. inizialduna eta Ermuko bizilaguna.

Menditik bueltan zetorrela, Gorlako igoera ikusten zeuden zaleengana hurreratu zen. Haiekin hitz egiten egon zen. "Bat-batean errepidera sartu zen. Bertan zeuden ikusleak oihuka hasi ziren errepidetik aldentzeko esanez. Une hartan autoa agertu zen; abiadura handiarekin zetorren. Gidariak autoa galgatu zuen arren, kolpea ikaragarria izan zen", adierazi zigun lekukoetako batek. 50 bat metrora bota zuen gizonezkoa. Ertzaintzaren Atestatu Unitatea ere hurbildu ziren istripua gertatu zen tokira lekukoekin hitz egiteko. Eta berehala ikerketa zabaldu zuten, istripuaren arrazoiak argitzeko asmoz. Ikusleen hitzak jaso zituzten, eta baita ikusle batek bere kamerarekin grabatutako irudiak ere. Gaueko 9ak aldera egin zuten alde handik.

Ikusleen egoneza

Hori guztia gertatzen zen bitartean, ibilbidean zehar zeuden ikusleen artean egonezina nagusitu zen, DYAko anbulantzia eta ertzainak gora eta behera ikusita. Gainera, istripuaren inguruko askotariko bertsioak entzun ziren bertan; errepidean zeuden antolaketa taldeko kideek ere ez zuten azalpen garbirik ematen.

Azkenean, arratsaldeko 7ak laurden gutxi aldera, igoerako zuzendariak proba bertan behera uztea erabaki zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak