Frontoiko eserlekuak, teilatua eta aldagela berrituko dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mai. 31a, 12:07
Ekainetik irailera bitartean egingo dituzte lanak; 185.822,25 euro da aurrekontu osoa. Aldagela berriaren barruan frontoi txiki bat ere egingo dute, pilotariek eskuak berotzeko.

Udal pilotalekuan obrak egingo dituzte laster: teilatua, eserlekuak eta aldagelak konponduko eta berrituko dituzte. Horixe onartu du astelehenean egindako ez ohiko udal batzarrak.

Proiektua eginda dago

Lanen proiektua dagoeneko eginda dago; Zetabi Arkitektura Bulegoa S.L.-k egin du. Datozen egunetan lanak adjudikatuko dituzte eta udan egingo dituzte lanak, ekainaren 7tik irailaren 8ra bitartean. Berrikuntza bakoitza enpresa ezberdin batek egingo du, hau da, hiru enpresa ezberdin ibiliko dira batera udal pilotalekuko teilatua, eserlekuak eta aldagelak berritzen. Lanen aurrekontu osoa 185.822,25 eurotakoa da. Horietatik 43.930,93 euro dira aldagelak konpontzeko, 57.295,32 euro teilaturako eta 84.596 eserleku zaharrak kendu eta berriak jartzeko.

Guztira, 688 eserleku berri

Aurrekontuaren zatirik handiena eserlekuak aldatzeko izango da. Guztira 688 eserleku berri jarriko dituzte. "Goiko eserlekuak ez ditugu aldatuko, behekoak soilik", dio Xabier Zabalak, proiektua egin duen enpresako arkitektoak. "Berriak egurrezkoak izango dira eta oraingoen antzerakoak, baina hobeak: batu egingo dira automatikoki", esan digu Xabierrek. Teilatuan, zati zeharrargiak aldatuko dituzte. Daudenak kenduko dituzte eta berriak jarri, kalitate hobeagokoak: ez dute amiantorik izango eta mantentzeko hobeak dira, gogorragoak. Gainera, goitik beherako pieza bakarra jarriko dute. Bide batez, teilatuan dauden itoginak ere konponduko dituzte.

Frontoi txiki bat aldagelan

"Pilotariak kexu ziren eskuak berotzeko toki aproposik ez zutelako aldagela barruan. Baldosen kontra jotzen zuten pilota eta apurtu egiten ziren baldosak. Horregatik, aldagela barruan frontoi txiki bat egongo da gero, pilotariek eskuak eroso berotu ditzaten", azaldu digu Xabier Zabala arkitektoak. Hori egiteko, orain dauden bi gelekin bakarra egingo dute, sarrera zuzena egongo da aldageletara joateko, konketak lekuz aldatuko dituzte eta erauzgailua ere jarriko dute. Komunak, tabernarako biltegia eta botikinarendako txokoa ere egokituko dituzte.

Aralar abstenitu egin da

Aralar abstenitu egin zen udal batzarrean lan hauek onartzeko bozketan. Aralarrek beharrezkoak ikusten ditu aldaketa horiek, baina agian hain premiazkoak ez direla uste du, kontuan izanda oraindik aurrekontuak onartu gabe daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak