Haurreskola urrian zabaldu ahal izateko, lanak hasiko dituzte Martinez Iralan

Aranzadik erabiltzen duen eraikinaren erdia egokituko dute haurreskola jartzeko; bost gela izango ditu; horietako bat, psikomotrizitate gela.

Dagoeneko egin dute proiektua haurreskola Martinez Irala ikastetxean egokitzeko. Hurrengo egunetan lanak adjudikatuko dituzte eta iraila bukatu baino lehen amaituko dituzte. Zetabi Arkitektura Bulegoa SL enpresak egin du proiektua eta 435.422,44 euro da aurrekontua.

Bost gela eta 50 ume

Haurreskolak bost gela izango ditu eta horietako bat psikomotrizitate gela izango da. Hiru gelatan 0 eta 1 urte bitarteko haurrak egongo dira, zortzi gela bakoitzean. Eta beste bi gelatan, 1 eta 2 urte bitarteko umeak, 13 bakoitzean. Guztira, beraz, 50 umerendako tokia izango du. Gela bakoitzak aldagela, logela, jolaslekua eta janaria berotzeko sukalde txikia izango ditu; eta gelen arteko gunea erabilera askotarikoa izango da. Gainera, ume-kotxeendako eta umeak arropaz aldatzeko tokiak ere egongo dira eraikinean, bulego eta komunez gain.

Sarrera, gimnasio aldetik

Haurreskola Martinez Irala ikastetxearen beheko solairuan egingo dute. Ia 500 metro koadro izango ditu guztira eta horietatik 445 izango dira erabilgarriak. Egungo eraikinaren ia erdia da hori, gutxi gorabehera. Eraikin barruan egingo dituzte egokitzapen lan guztiak. Kanpotik ikusiko den aldaketa bakarra leiho berriak izango dira. Ipintza aldera egongo da haurreskola, eta sarrera propioa izango du; Jaurlaritzaren baldintza da hori. Beraz, gimnasio aldetik egingo diote sarrera.

Urrirako gertu

Zetabi Arkitektura Bulegoa SL enpresak egin du proiektua. Asteleheneko osoko bilkuran onartu zuten lanak hastea eta adjudikatu bezain laster hasiko dituzte. Datorren ikasturtean zabalduko ditu ateak Bergaran haurreskolak Martinez Irala ikastetxean eta urritik aurrera, Aranzadi ikastolarekin batera egongo da eraikin berean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.