Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak enpresetan Euskara Planak garatzeko metodologia era pilotuan aplikatzeko erabakia hartu zuen 1991. urtean. Horretarako, hitzarmena sinatu zuen Elhuyarrekin; bere esku utzi zuen fase pilotuaren beraren eta bertan parte hartuko zuten enpresetako Euskara Planen ardura tekniko eta metodologikoa. Debagoiena izan zen aitzindari, Elayn jarri baitzuten martxan lehen esperientzia pilotua. Haren atzetik etorri ziren Ulma, Ikerlan, MCC eta Ederlan sozietate kooperatiboak.
Esperientzia horiek positiboki baloratu eta zabalkunde faseari ekin zitzaion 1996. urtean. Euskara Planen kopuruak gora eginez Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Debagoienean ere: bost enpresa debagoiendarrek esku hartu zuten fase pilotuan, eta egun 35 dira. Debagoienak aitzindari izaten jarraitzen du, beraz.
Debagoienean Euskara Plana duten enpresa gehienak Arrasatekoak dira, Antzuola, Oñati eta Bergara daude segidan, eta Aretxabaleta, Eskoriatza eta Elgeta ondoren, Euskara Plana garatzen diharduten enpresa banakin.
Orotara, Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 urtean 15 langiletik gorako 119 enpresetan abiatu dira Euskara Normalizatzeko Planak, baina horrek ez du esan nahi horietan soilik erabiltzen denik euskara.
Nafarroan eta ipar Euskal Herriko egoera
Nafarroan eta ipar Euskal Herrian egoera askoz ere kaskarragoa da, baina denean dago oraindik ere egiteko asko. Debagoienean bertan 50 langiletik gorako 82 enpresetatik 35 dira Euskara Plana garatu dutenak; erdiak baino gehiago falta dira. Bergarako Udalak egindako sustapen lanari esker, 2005ean, hiru enpresa berrik erabaki dute Euskara Plana abiatzea. Lanean dihardute.