Txosna batzordeak jai egitaraua aurkeztu du

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mai. 23a, 13:35
Herriko hamar taldek osatzen dute txosna batzordea. Hiru txosna jarriko dituzte, bat plazan. Rock kontzertua, herri bazkaria eta afari-merienda antolatu dituzte, besteak beste. Herritarren partehartzea bultzatu gura dute.

Bitorianatxoren jaitsieraren ostean zabalduko dute txosna gunea, kalejirarekin batera. Ordutik jaiak bukatu arte, ekainaren 6a arte, zabalik egongo da gune hori.

Hiru txosna

Txosna gunean karpa handi bat eta ogitartekoak emateko txokoa jarriko dituzte; bigarren barra San Martin plazan jarriko dute. Urtero bezala, 24 orduz zabalik egotea da euren asmoa eta horregatik, gura duenak, lana egiteko izena eman dezake tabernetan jarri dituzten orrietan. Alkandora urdinak ere atera dituzte aurten eta salgai jarriko dituzte txosna gunean bertan eta baita plazan ere.

Herri bazkaria, rock kontzertua eta merienda-afaria

Zapatuan, preso eta iheslarien eguna ospatuko dute. Eguerdian, horien aldeko herri poteoa egingo dute eta 14:00etan, herri bazkaria plazan Askatasunak antolatuta. Txartelak Arrano tabernan daude salgai. Gauero egongo dira rock kontzertuak; domekan, Kloratita eta Pikutara taldeek joko dute. Martitzenean, merienda-afaria egingo dute jaiak bukatzeko, sagardoa, intxaurrak, menbriloa eta gazta egongo dira jateko eta edateko.

Udalari eskaera

Txosna batzordeak orain arteko ibilbidearen balorazioa ere egin du. Udalarekin egin dituen bilerak ondo joan direla esan du. Eskertu du udalak hartzea argiren eta uraren kostua baina era berean, ezartzen dieten fidantza kopurua larregikoa dela iruditzen zaie. Bestetik, jaiak antolatzeko udalak duen eredua ez zaiela egokiena iruditzen ere esan dute: herriaren partehartzea oinarrizkoa eta garrantzitsua dela esan dute eta gune gehiago zabaldu behar direla horretarako. Txosna gunea batzordearen esku egotea ezinbestekoa dela ere esan dute.

Txosna batzordea

Aurtengo Mendekoste jaietako txosna batzordean herriko hamar talde hauek daude: Euskal Herriak Bere Eskola, AEK, EHE, Txapa Irratia, Askatasuna, Bai Euskal Herriari, Batasuna, Segi, IA eta Gazte Asanblada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak