XIX. mendera arte, eskribauak fede publikoa ematen zutenak ziren; eurek baimendutako agiriak balio juridikoa zeukaten. Orain bueltatuko den dokumentazioa udal agiriek osatzen dute.
Udal Artxibora nola iritsi ziren ez dago argi. Udal Artxiboa Epaitegian egon zen urte batzuetan eta 1981ean Epaitegitik Errekalde jauregira eraman zuten. Leku aldatze hori egiterakoan baliteke Eibar, Soraluze eta Mutrikuko eskribautzen agiriak ere eramatea. 1995ean dokumentazioa berriz aldatu zuten lekuz, Errekaldetik udaletxera.
Udalak, elkarlanean
Dena dela, argi egon da beti eskribautzen dokumentazioa ez zela Bergarako Udalak sortutakoa. Lau udaletako ordezkariak gaiari irtenbidea emateko elkartu izan dira azken hilabeteotan. Bergarako Udalak eta Jaurlaritzako Kultura sailak hitzarmena sinatu zuten, dokumentazioa identifikatu eta inbentarioa egiteko. Hain zuzen ere, inbentario hori erabili dute oinarritzat bakoitzari zer dagokion jakiteko.
6.403 espediente
Guztira, Eibarko Udalari 3.477 espediente bueltatuko zaizkio (1537-1866 bitartekoak); Soraluzeri 1.499 espediente dagozkio (1539-1849) eta Mutrikuri 1.427 (1512-1862 urte bitartekoak). Ikerketarako material ugari dago agiriotan, toponimia, lan arloa edo tokiko historiakoak tartean.
Hitzarmena eguaztenean, hilaren 24an, sinatuko dute udaletako ordezkariek, Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 12:30ean.