Duela bi aste inguru hasi ziren Bergarako Mekolalde auzoan araztegia egiteko obrak. Ordutik, alde batetik bestera, etengabean dabiltza tamaina handiko kamioiak lurra barreiatzen.
Mekolaldeko araztegiak, aipatu moduan, Bergarako, Antzuolako eta Elgetako ur zikinak jasoko ditu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako proiektuaren arabera punta puntako teknologia erabiliko dute uren garbiketa egokia egiteko. Izan ere, zonalde horretan egindako neurketak ondorioztatu du Arrasate eta Bergara arteko zatiak duela kutsadura maila altuena Eibarrekoarekin batera. Hala, Mekolaldeko araztegiak berebiziko garrantzia izango du.
Jaurlaritzak Deba ibaian lau araztegi jarriko ditu. Arrasaten Epeleko zonaldean, Bergaran, Elgoibarren eta Mutrikun. Eta horiek gehitu behar zaie dagoeneko martxan daudenak.
Mekolaldeko lanak bi urteren bueltan amaituko dituzte, beraz, asmoa da, Deba ibaiko saneamendu sarea 2007rako martxan egotea.
Araztegiko lanak aprobetxatuz, gainera, Amenabar enpresa eraikitzaileak Mekolaldeko dorrea berrituko du. XV-XVI. mende inguruko etxebizitza da, barroko garaian handitutakoa eta berritutakoa. Etorkizunean araztegiko bulegoak jarriko dituzte han.