Maiatzeko lehenbiziko hiru ostiraletan erromeriak izango dira Bergaran

A.G. 2006ko apirilaren 24a

Maiatzaren 19rako kalejira, erromeria, herri afaria eta bertso antzerkia iragarri dituzte; giroa piztea da helburua.

Maiatzeko ostiraletan erromeriak antolatuko dituzte Bergaran. Abarka dantza elkartea, Xamatz dantza taldea, Moises Azpiazu dantza taldea, Bergarako Bertso Eskola, Bergarako Trikitixa eskola eta Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzua dira ekimen horren bultzatzaileak. Herriko giroa alaitzea da helburu nagusia, eta azken hilabeteotan hainbat bilera egin dituzte antolatzaileek egitaraua osatzeko.

Munibe plazan

Eguaztenean, hilaren 26an, horren berri emango dute kultura etxean, 19:00etan. Esan bezala, hiru emanaldi iragarri dituzte maiatzerako: lehenbizikoan, maiatzaren 5ekoan, Bergarako Ekaitz, Jone eta Aitor hirukotearekin eta Etxabe anaiekin erromeria izango da Munibe plazan, 19:00etan; hilaren 12an, berriz, Bergarako Aritz, Xabi, Enaitz, Izer eta Alabier izango dira giroa alaitzeaz arduratuko direnak.

Programa zabala

Maiatzaren 19rako egitarau zabalagoa prestatu dute: Bergarako trikitilariekin kalejira izango da 18:30etik aurrera, jarraian erromeria Munibe plazan Bergarako trikitilarien eskutik eta ondoren herri afaria Muniben bertan. Afarirako txartelak sei eurotan salduko dituzte kultura etxean eta Kortazar tabernan. Afalostean bertso antzerkia eskainiko dute Bertso Eskolako lagunek eta jaialdiari bukaera emateko Enebada taldeak alaitutako erromeria izango da.

Pazkoak ekainaren 2an hasiko dira eta aurreko asteetan giro faltarik ez egotea da antolatzaileen helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak