Erramu Zapatuko azoka berrantolatzea pentsatzen dihardu Udalak, datorren urterako

Bergarako Erramu Zapatuko feriaren arrakasta ukaezina da. Milaka lagun ibili ziren herriko kaleetan barrena banatuta zeuden postuetan. Hainbat taldek protesta egiteko ere aprobetxatu zuten

Goizeko 10etarako guztia prest zuten antolatzaileek. Artisauak Munibe eta San Martin plazan jarri zituzten eta Eusko Labeleko produktu eta jaki postuak San Martin plazan eta Telesforo Monzon eta Domingo Irala kaleetan. Horrekin batera, talo eta pintxo postuak ere ugari izan ziren, Simon Arrietan eta Fraiskozurin batik bat. Joseba Aizpurua Udaleko teknikariaren esanetan, urteekin batera handitzen joan da feria eta pentsatzen ari dira datorren urtean berrantolatzea: "Euskal Herriko ekoizleetan gehiago zentratu nahi dugu eta kanpotik datozen postuen kopurua mugatu. Azken batean, feriaren funtsa bertako lehen sektorea da eta gaur egun, horrekin loturarik ez duten hainbat saltzaile etortzen da". Hori kontuan izanda, eta Euskal Herriko ekoizleak nabarmentzeko asmoz, haien postuak herriaren erdigunean jarri izan dituzte orain arte, eta gainerakoak periferian.

Horren haritik, Hego Amerikako saltzaileekin izan zuten buruhausteren bat udaltzainek, erdigunean saltokia jartzeko baimenik ez zutelako batez ere. Saltokia feria gunearen periferian jartzeko aukera eman zieten arren, gunearen erdian jarri zituzten produktuak salgai, espaloi gainetan zabaldutako mantetan. Hala, handik kentzeko eskatu behar izan zioten goizean barrena bati baino gehiagori udaltzainek.

Primerako ganadua

Laurogei bat abelburu egon ziren ikusgai ferian; buru ederrak ziren, gaur egun erakuts daitezkeen onenetarikoak, Joseba Aizpuruaren esanetan. Ohi bezala, pirenaika, blonda eta limousina arrazako ganadua jarri zuten ikusgai Ibargarai kalean eta abelburuetako batzuen tamainak ikusmina sortu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.