Aberez eta artisauez beteko dira erdiko kaleak Erramu Zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko api. 7a, 12:47
Zirkulazioan eta aparkalekuetan aldaketak egongo dira bihar, Erramu Zapatua, egun guztian; gaur bertan hustu behar dituzte kale batzuk.

Guztira 100etik gora abelburu ekarriko dituzte biharko feriara. Seminarioan eta Ibargarai kalean egongo dira, 09:30etik aurrera. Txakur-leren eta makinaria erakusketak ere seminarioan jarriko dituzte. Euskal Labeleko produktuen postuak, berriz, herriko kale ezberdinetan jarriko dituzte, baita artisauenak ere; 40 bat artisau postu egongo dira guztira. Goiz osoan zehar, Zubietako zanpantzarrak ere ikusi eta entzungo dituzte kaleetan gora eta behera eta 13:00etan, luma-gorri oilaskoen erakusketa, dastatzea eta salmenta egingo dute seminarioan. Urteroko txorimalo lehiaketa ere egingo dute eguerdia bitartean. Arratsaldean, zezen txikiekin, txerriekin eta hainbat jostailurekin egingo dute jolas umeek herriko plazan. Eta gauean, urteroko bertso saioa egingo dute, 22:30etik aurrera. Enaitz Alustitzak bertsotan jarriko ditu Egaña, Lizaso, Mendiluze, Arzallus, Colina eta Lujanbio. Sarrerak 5 euro balio du.

Aldaketak zirkulazioan

Erdiguneko zirkulazioan eta aparkalekuetan aldaketak egongo dira bihar. Feriako postuak trabak sortuko ditu zirkulazioan. Gainera, erdiguneko kale batzuk erabat itxita egongo dira. Ibargarai, adibidez, goizean, eta San Martin plaza egun osoan. Horrekin batera, ibilgailuak erdiguneko hainbat kaleetatik kentzeko deia egin du udaltzaingoak. Ibargarai kalean, adibidez, ez da ibilgailurik utzi behar, Migel Altunatik autobusen geltokiraino, zapatuko 06:00etatik aurrera. Zirkulazioa Zurradero eta Matxiategi kaleetatik bideratuko dute udaltzainek. Bestalde, Herri Lagunak eta Irala kaleetan, Telefonicako aldapatik Gaspar jatetxeraino, ezin da autorik aparkatu gaur, egubakoitza, eta bihar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak