Lanuzteak egingo dituzte asteon IAT-ITVko langileek

A.G. 2006ko mar. 27a, 10:33
Bergarako IAT-ITVko langileek ordubeteko bi lanuzte egingo dituzte asteon: hilaren 28an eta 30ean, 11:00etatik 12:00etara, hain justu ere. Lan Hitzarmena negoziatzen dihardute hainbat hilabetez enpresako zuzendaritzarekin –Applus ITV Euskadi– eta akordiora iritsi ez direlako hasiko dituzte mobilizazioak.

Roberto Gomezek, langileen ordezkariak, azaldutakoaren arabera bi dira 2006rako eskari nagusiak: soldatari dagokionez, KPIa gehi bi puntu igotzea eta lan-jardunaren kasuan hamar orduko murrizketa.

Irungo eta Urnietako IAT-ITVetako langileen baldintzekin parekatzea da Bergarako langileen nahia: "Astean 35 orduko jarduna dute eta urtean guk baino ia 1.000 euro gehiago irabazten dute", azaldu du Gomezek. "Hala, aurrerapausoak eskatzen ditugu haiekin parekatzen joateko".

Mobilizazio gehiago

Horren haritik azpimarratu dute ez dutela presarik eta mobilizazioak areagotzeko asmoa dutela. Dagoeneko iragarri dute Aste Santuaren atarian, apirilaren 11n eta 12an, egun osoko greba egingo dutela. Bestalde, akordiora iritsi ezean uztailean mugagabeko greba hasiko dute.

Bergarako IAT-ITVn 18 langilek dihardute eta batez beste 200 ibilgailu hartzen dituzte egunero (48 mila urtean). Debarroari eta Goierriko eta Urolako hainbat herriri egiten diete zerbitzu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak