Herriko giroa galtzeko arriskuan dagoela ikusten du Bedelkarrek

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mar. 24a, 11:47
Herriaren beharra zein den jakiteko foro bat egin behar dela uste du. Agintariak ere hasi dira iritzia aldatzen merkatal guneak herritik kanpo zabaltzeari buruz.

Bedelkar elkartea haserre dago Eroskik beste supermerkatu bat zabaldu behar duelako herrian. "Herriaren kanpoaldean eraikitzen dituzte supermerkatu handiak eta horrek kalte egiten dio herriari berari, ez soilik herri barruko dendariei", diosku Juanje Amasorrain Bedelkarreko kideak. "Herriko bizimodua galtzen doa urtetik urtera eta erabat galtzeko arriskuan dago gainera", dio. "Arrasateko dendariek ere ikusi dute jendea merkatal-gunera doala soilik, ez dela herrian ibiltzen; hala ere kezka Gipuzkoa osoan dagoela ikusten da Dendartean, Gipuzkoako dendarien elkarteen elkartean", gaineratu du Juanjek.

Zein da herriaren beharra?

Bedelkarrek uste du lehenengo aztertu behar dela zein den herriaren beharra. "Horretarako, foro bat sortu behar da, dendarien, Udalaren, erosleen eta baita sindikatuen artean ere, guztiok inplikatu behar gara horretan", dio Juanjek. Azken urtean, adibidez, sei denda itxi dituzte erdigunean eta ez dute berririk zabaldu. "Dendariek erretiroa hartu ahala, itxi egiten dituzte dendak, eta ez ditu berriro inork zabaltzen, ez dago oinordekorik", dio Juanjek. Tere Gabilondo Bedelkarreko presidenteari ere ez zaio ondo iruditzen supermerkatuak herritik kanpo jartzeari. "Non egin behar ditu erosketak autorik ezin duenak hartu? Beste norbaiten menpe bizi behar da?", galdetzen du.

Agintariak ere kezkatuta

Juanje Amasorrainek kontatu digun moduan, supermerkatu handiak nonahi eraikitzeko legea defendatzen zuten Aldundiak eta Jaurlaritzak. Orain, ordea, iritzia aldatzen hasi dira. "Katalunian ikusi dute merkaltal gune handien eraginez herriak hiltzen hasi zirela eta zentro komertzial handiak zabaltzeko legea aldatu dute. Hemengo agintariek ere konturatu dira horretaz eta horregatik hasi dira iritzia aldatzen", azaldu digu Juanje Amasorrainek.

Erdiguneko merkatal guneak

Agintariek aztertzen ari dira orain merkatal guneak herri barruan jartzeko aukera. "Hori beste kontu bat da eta horren inguruan hitz egin dezakegu", dio Juanjek. "Eibarren adibidez, erdigunean dago merkatal gune bat eta herria bera bizirik dagoela ikusten da". Herri giroa, baina, denon eskuetan dagoela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak